DEBAGOIENA ERALDATZEN

Digitalizazioa: mehatxu ala abagune?

Uxue Igarza Loiola 2020ko aza. 20a, 20:00

Teknologia berriak baliatzea geroz eta ohikoagoa da gure egunerokotasunean, eta COVID-19aren pandemiak argi utzi du hori: telelana, online eskolak, bideo deiak…  Iñaki Lakarra Mondragon Unibertsitateko irakasleak egin du egungo egoeraren analisia, eta batez ere, Debagoieneko industrien eta enpresen errealitatea aztertu du.

Digitalizazioa eta eraldaketa digitala neurtu ditu konkretuki Lakarrak, eta izenak antzekoak badira ere ez dira gauza bera. Bien arteko aldea argitzeko, Lakarrak adibide erraza jarri du: "Digitalizazioa da, adibidez, musikan, biniloetatik CDetarako jauzia; hau da, analogikoa digital bihurtzea. Baina eraldaketa digitala da negozioa, diru sarrerak, prozesua etb. aldatzen denean; hau da, CDetatik MP3 formatura edo Spotify-ra salto egiten denean". Hala, Lakarrak adierazi du digitalizazio prozesuetan Europako betaz bestekoarekin batera ari direla Euskal Herriko eta bailarako enpresak, baina antza, nekezagoa izaten ari da eraldaketa digitalari ekitea: "Gu onak gara produktuak egiten eta diseinatzen, baina eraldaketa digitalak eskatzen duena da produktuak saltzeaz gain, horiei lotutako zerbitzu bat ere ematea. Esaterako, makina bat saltzerakoan, software edo prozesu jakin bat saltzea".

Etorkizunerako gakoa, egokitzen jakitea

Teknologia geratzeko etorri da, eta gainera, arlo guztietan: industrian, hezkuntzan, osasunean eta baita merkataritza edo ostalaritzan ere, besteak beste. Merkatari txiki gehienek eraldaketa digitalari "kezkatuta eta ezkor" begiratzen diotela esan du Lakarrak: "Ikastaroak ematen ditugunean, askotan, Amazon bezalako plataformekin lotzen dute digitalizazioa, eta mehatxu bezala irakurtzen dute eraldaketa digitala". Irakasleak ulertzen du haien egoera, baina uste du beti dela errazagoa "arazoak ikustea aukerak baino". Horregatik, azpimarratu nahi izan du eraldaketa digitala sektore guztietako enpresentzat izan daitekeela arrakastatsua: "Negozio guztiek izan ditzakete aukerak eta onurak. Adibide bat jartzearren, tabernek etxera eramateko janaria kudeatu dezakete teknologiaren laguntzaz". Irakaslea baikorra da, eta ziur dago egoerara egokitzen ikasiz gero, teknologia lagun izango dugula lan esparruetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak