"Goi burgesiak" ezarritako neurri berriek eskubideak "errotik" mozten dituztela salatu dute

Txomin Madina Milikua 2020ko urr. 31a, 22:00

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean Bergarako epaitegian aurrean. Salatu dute alarma egoerarekin ezarri diren neurri berriekin giza eskubide oinarrizkoenak "errotik" moztu direla eta pobreziaren orokortze bat egon dela. Alderdi instituzional guztien jarrera ere kritikatu dute.

"Biltzekoa, mugikortasuna askerakoa, adierazpen askatasunarena... bezalako eskubideak errotik moztu dira alarma egoerarekin ezarritako neurri berriekin" azaldu du Gazte Koordinadora Sozialistako kide Miren Txurrukak gaur Bergarako epaitegien aurrean egin duten elkarretaratzean.

Oligarkia finantzarioen, politikari profesionalen eta enpresari handien zuzeneko diktadura gelditu lelopean egin dute mobilizazioa eta bertan gaineratu dute neurri berriek "pobreziaren orokortzea eta estatu polizialaren indartzea" dakartela. "Goi burgesiak ezarritako neurriak dira, datozen urteetara begirako hartutakoak, ez hemendik hiru hilabetera bertan behera uzteko", azaldu du Txurrukak. "Osasuna eta giza eskubideak bermatzea" eskatzen dutela ere esan du: "Oligarkiak ez du bermatu bietako bat ere ez; enpresa farmazeutikoek-eta ez dituzte euren baliabide guztiak jendartearen osasunerako bideratu. Hor daude baita ere lan prozesuak ez eteteko hartutako neurri eskasak".

Alderdi instituzionalen "babesa"

Gazte Koordinadora Sozialistakoak, era berean, kritiko agertu dira alde bateko zein besteko alderdi instituzionalekin: "Ofentsiba hau goi burgesiak egin arren, ikusi da  alderdi instituzional guztiek babesa azaldu dutela, zuritzeko intentzioa ere dutela eta Gobernuak esaten duen edozer onartzeko prest daudela. Pisu guztia norbanakoen erantzukizunaren gain utzi dute, baita komunikabideek ere. Guk azpimarratu gura dugu erantzukizuna ez dela indibiduala, burgesia horrek duela pandemia kudeatzeko erantzukizuna".

Argi utzi gura izan dute, era berean, ez dutela ukatzen pandemia egon badagoenik. "Horrek ez du esan gura gizartearen eskubide guztiak urratu behar direnik eta estatu autoritario batean bihurtu behar garenik", zehaztu du Miren Txurrukak.

Pandemia nola kudeatuko luketen galdetuta, azaldu dute hartu diren neurriak hartu beharreko azkenak izan beharko liratekeela: "Gaur egun teknologia badago nahikoa garatuta pandemiari modu askoz seguruago batean aurre egiteko. Baina PCR probetarako edo bestelakoetarako dirurik ez dagoela aitzakia moduan hartuta, enpresa batzuek sekulako mozkinak lortzen ari dira. Gure ustez konponbidea da eskubideak ukatu aurretik baliabide horiek guztiak gizartearen esku uztea ".

Egoerak orain moduan jarraituko duela edo "okerrera" egingo duela aurreikusita, abiatu duten kanpainarekin jarraituko dutela iragarri dute era berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak