Domu Santu Egunerako neurriak eta gomendioak zehaztu dituzte bailarako Udalek

Xabi Gorostidi 2020ko urr. 30a, 13:09

Arrasatek, Bergarak eta Aretxabaletak, esaterako, hilerrientzako gehienezko edukierak ezarri dituzte. Bailarako Udalek emandako gomendioen artean daude, besteak beste, ahal bada domeka aurretik joatea hilerrira eta bisiten iraupena 30 minutura mugatzea. Ertzaintzak zehaztu du, soilik, norbere herriko edo mugakide diren herrietako hilerrietara joan ahalko dela. 

2020ko Domu Santu Eguna domekan izango da, eta bailarako hilerrietan dauden hildakoek gertuko senide eta lagunen bisitak jasoko dituzte. Aurten, baina, bisita eta lore gutxiago izango dira COVID-19ak baldintzatuta.

Udalek ere neurriak eta gomendioak zehaztu dituzte, hilerrietara ahalik eta segurtasun handienarekin joateko. Gelak, maskarak, eta distantziak zaintzeko ohiko aholkuez gain, ahal dela domekaren aurretik edo ostean joatea ere gomendatu dute, eta atzo eta gaur hainbat lagun ikusi ahal izan dira aldez aurretik bisitak egiten.

Domekara begira ere, bisiten iraupena 30 minutura mugatu dute gehienek eta hilerrien gehienezko edukierak zehaztu dituzte: Arrasaten, adibidez, 275 lagunekoa; Bergaran, 235ekoa, eta Aretxabaletan, 64koa. Neurri berezi gehiago ere hartu dituzte, Bergaran, esaterako, hilerrian zehar mugitzeko noranzkoak markatu dituzte, eta Arrasaten kanposantura igotzeko autobus zerbitzua indartu dute domekarako. 

Lore saltzaileen "eromena"

Domu Santu Egunarekin lotura estua dute lore saltzaileek. Urtero lan karga nabarmena izaten dute egun honen baitan, baina aurten are gehiago handitu zaie, Domu Santu Egunerako astebete faltan ezarritako mugikortasun mugengatik. Eskari batzuk bertan beharra geratzeaz gain, bezeroei neurri berriei buruzko zalantzak argitzen erabili dute denbora asko. Egoera zein den ikusita, zerbitzu gehigarriak eskaini dituzte, hilerrietan ahalik eta lore gehien egoteko. 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak