Kalte estrukturalak ari dira konpontzen Zarimutz eta Marin arteko zubian

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urr. 27a, 19:30

Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide sarean egiten duen estrukturen ikuskapen sistematikoaren ondorioz, Zarimutz eta Marin arteko bidegurutzeko zubian lanak egiteko beharra ikusi dute ur filtrazioak eta pitzadurek estruktura kaltetzen dutelako.

Eskoriatzatik Leintz Gatzagara bidean, GI-3310 errepideko 3,69 kilometroan, Marin elizateko bidegurutzearen parean, Gipuzkoako Foru Aldundia zubi bat konpontzen ari da. Errepidearen azpian kokatzen den zubia konpontzea derrigorrezkoa dela adierazi dute Aldunditik, errepidea eusteko oinarrizko zutabea delako.

Gipuzkoako Foru Aldundiak errepide sarean egiten duen estrukturen ikuskapen sistematikoaren ondorioz zubi hau konpondu beharra ikusi zen eta horretarako proiektu bat idatzi. "Era sistematikoan errepide azpian dauden estruktura guztiak aztertzen ditugu. Kasu honetan, ikusi genuen kalte estrukturalak zituela: alde batetik, zubiaren sarrera biak askatzen ari dira estrukturarekiko eta hor josten ari gara. Bestalde, horrekin batera, zenbait pitzadura agertu dira, eta morteroa injektatu eta harriak falta diren lekuan osatzen ari gara", adierazi du Mikel Uribarren Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura saileko plangintza eta ustiapen zuzendariak.

Maringo bidegurutzetik begiratuta, zubiko lanen ikuspegia.

Ur filtrazioak eta pitzadurak

Marulandako taberna alboan, Marin elizatera doan bidegurutzearen azpian dagoen zubia da konpontzen ari direna, bertatik Deba ibaia pasatzen dena. Zubia XIX. mendekoa da, eta denboraren poderioz hainbat pitzadura eta ur filtrazioek egindako kalteak antzeman dituzte. Eskoriatzatik Gatzagara joan zaitezke Arlabanetik bueltan, baina, errepide nagusia izanda, egin beharreko lanak direla adierazi dute Aldunditik.

Konponketa lanei dagokienez, berriz, pitzadura horiek garbitzea eta ur filtrazioek egindako kalteak konpontzea izango da egingo dutena. Lanak dagoeneko martxan daude eta aste pare bat iraungo dutela aurreikusten dute. Errepidetik ikusten ez diren lanak egiteaz batera, zubiaren gaineko errepideko zorua ere konpondu egingo dute, eta bertan ura ez batzeko, nolabait batu egingo dituzte urak, estrukturara ez joateko eta ez kaltetzeko. Obrak egiteko aurrekontua, bestalde, 90.000 eurokoa da.

Halako bost estruktura

Eskoriatzatik Leintz Gatzagara bidean halako bost estruktura daudela adierazi du Mikel Uribarrenek, baina, beharra duen zubia Marulanda eta Maringo bidegurutzean dagoena soilik dela adierazi du: "Honako zubiaren moduko beste bost puntu ditugu markatuta, eta, guztiak aztertuta, hemen, bakarrik ikusi dugu premia lanak egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak