Erabilgarri dago jada Euskaraldiaren gailu mugikorretarako aplikazioa. Batura Mobilek garatu du, Euskaltzaleen Topagunearen enkarguz, eta Euskaltelen laguntzarekin. Aukera ugari emango dizkie erabiltzaileei; azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketan izena emateko aukera dago app-ean, eta, aurrerago, hainbat urrats edo erronka planteatuko ditu.
Gotzon Arzelus bergararra aplikazioa garatzen aritu da, eta, azaldu duenez, herritarrak Euskaraldira "kateatzeko" modu bat da: "Aurreko edizioaren azken egunetan, jendeari apur bat kostatu egin zitzaion ariketarekin jarraitzea, eta aurten, hamar egunekoa beharrean, hamabostekoa izango da Euskaraldia". Hori dela eta, webguneaz aparte, aplikazio bat sortzeko beharra sumatu zuten antolatzaileek.
Bi fasetan banatu dute aplikazioa. Lehenengoa abian da, eta Euskaraldian izena emateko aukera eskaintzen du. Zenbait argibide daude rolen inguruan, ahobizi edo belarriprest izateko aukeraketa egiten laguntzeko. Fan wall bat ere bada, besteak beste, argazkiak igo ahal izateko. Behin ariketa hasita ekingo zaio bigarren faseari. Aplikazioaren eskaintza zabalagoa izango da une horretatik aurrera. Arzelusek azaldu duenez, "aholku edo erronka txiki batzuk" proposatuko ditu aplikazioak. Horretaz aparte, ariguneak non dauden erakutsiko dute, mapa baten bitartez. Euskaraldiaren antolatzaileek herritarrak animatu dituzte aplikazioa deskargatzera, nahiz eta izen-ematea beste bide batzuetatik egin. Arzelusen hitzetan, Euskaraldia "motorrak berotzen" doan heinean, aplikazioaren deskargak ere gorantz doaz. "Gizartea oraintxe ari da konturatzen Euskaraldia badatorrela", nabarmendu du Batura Mobilekoak.
Martxa onean
Arrasateko koordinatzaile Jokin Etxebarriak ere nabari du hori: "Gauden egoeran egonda, jendea beste gauza batzuetara egon da, baina poliki-poliki ari dira enteratzen, eta azken astean gorakada izan da parte hartzaile kopuruan". Izena-ematea "martxa onean" doala azaldu du. Debagoienean, momentuz, 2.500 lagun inguruk eman dute izena; horietatik %10 berriak dira.
Bergarako koordinatzailea da Asier Kortabarria, eta, adierazi duenez, besteak beste, lanean ari dira jendeari azaltzeko rolaren aukeraketa egiteko orduan jarrera izan behar dela kontuan, eta ez euskara maila. Horrez gain, azaldu du osasun egoeraren arabera ikusiko dutela bestelako ekintzarik egiteko aukerarik dagoen edo ez.