ALBISTEAK

Informazio gehiagoren beharra nabarmendu dute zenbait alkatek Aldundiko ordezkariekin egindako bileran

Txomin Madina Milikua 2020ko urr. 22a, 17:06

Gipuzkoan azken egunetan  koronabirusa izaten ari den hedapenaren aurrean, egungo egoera aztertzeko bilera telematikoa egin zuten martitzenean Markel Olano diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio eta Maite Peña diputatuek lurraldeko 70 alkaterekin.

Egungo egoera, besteak beste adinekoen egoitzetakoa, izan zen bertan hizpide; baita ezarri gura diren neurri murriztaileak betearazteko beharra ere. Aldunditik, era berean, "lankidetza eskaini" zitzaien alkateei bilera horretan. Zenbait alkatek, bestalde, tartean Oñatiko Izaro Elorzak, informazio falta dutela salatu zuten bileran. Aretxabaletako alkate Unai Elkorok bere aldetik adierazi du pandemiaren hasieran baietz, baina orain ez dutela bereziki faltan bota informazio gehiago izatea.

Harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzea izan zen bileraren ostean Aldunditik gipuzkoarrei egin zaien eskaria, eta horrekin bat egiten dute bai Elorzak eta baita Elkorok ere.

Oñati da, gaur gaurkoz, koronabirusak 5.000 biztanletik gorako herrietan duen intzidentzia sailkatzeko Eusko Jaurlaritzaren semaforoan gorriz dagoen ibarreko herri bakarra. Aretxabaleta, bestalde, horiz dago sailkapen horretan. Elkorok dio oraingoz lasai daudela, Elorzak aldiz, adi egongo direla datuen bilakaerari.

Elkarlan eskaera

EH Bilduko alkateek, era berean, pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko elkarlana eta baliabideak eskatu dizkiote asteon Jaurlaritzari, baita kutsaduraren jatorriaren informazioa eta zaharren egoitzetako eta ikastetxeetako datuak egunero izatea ere.

Kritika horiei erantzunez, Osasun Sailak adierazi du datuak egunero argitaratzen dituela webgunean, eta ondorioz, publikoak direla. Udalerri batean behaketa selektiboa egitea beharrezkotzat jotzen bada, Osasun Saila aldez aurretik jarriko da harremanetan neurria aplikatuko den udalerriko alkatearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak