Haize zakarrak zuhaitz asko bota ditu Debagoienean eta hainbat kalte eragin

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 21a, 08:14

Alarma laranja iragarrita zegoen haize zakarragatik eta halaxe izan da; Arrasaten, esaterako, 94,5 kilometro orduko haize boladak izan direla gauerdiaren bueltan adierazi du Euskalmetek. Horren ondorioz, zuhaitz eta adar asko erori dira Debagoieneko herrietan eta une honetan hainbat bidegorri zati eta errepide itxita daude.

Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Segurtasun Sailetik (SOS Deiak) jakinarazi dute alerta laranjarekin erlazionatutako 1.044 intzidentzia kudeatu ditu martitzeneko 15:00etan hasi eta gaur, eguazteneko, 06:00etara bitartean. Gehiengoa Gipuzkoan izan dira, 526 hain zuzen ere, eta kalean eroritako zuhaitzekin eta haizeak mugitutako edukiontziekin izan dutela zerikusia gehienek adierazi dute.

Bergara

Bergaran, Labegaraietan hain zuzen ere, zuhaitza jausi da bidegorrira eta erabat itxita dago hori. Horrez gain, kanposantuko aparkalekuan zuhaitzen arramak auto batzuetara erori dira.

Zuhaitza Labegaraietako bidegorrian.

Oñati

Oñatiko udaltzainek adierazi dutenez zuhaitz eta adar mordoa erori dira atzo arratsaldeaz geroztik. San Martin auzoan, Berezaon Santa Lutziako parkean, Ugarkalde auzo bukaeran, Araotzen... Garai enpresako teilatua ere eroan du haizeak eta zatiak bidegorrira jausi direnez, udaltzainek itxi egin dute hori segurtasunagatik. Zuhaitzez gain, zintzilikario eta metalezko egitura asko ere bota dituela haizeak adierazi dute; Ugarkalden, esaterako, Mankomunitatearen zabor bilketa guneko teilatuko panelak eroan ditu eta inguruan zabaldu.

Zuhaitz adarrak Ugarkalde auzoan.

Bidaurretan zuhaitza.

Arrasate

Arrasaten, kalte esanguratsuak utzi dituela haizeteak adierazi dute Udaletik, eta horien artean larriena Musakola kiroldegiko beiratea hautsi izana. Horrez gain, seinaleak eta zuhaitzak erori dira hainbat tokitan, eta autobus-geltoki eta edukiontzietan kalteak izan dira, besteak beste.

Igerilekuko kristalak txikituta lurrean.

Aretxabaleta

Aretxabaletan, ere gogor jo du haizeak eta Baster lantegiko metalezko teilatua eroan du; Ibarra futbol zelaian geratu dira zatiak sakabanatuta. Hainbat zuhaitz ere bota ditu, bidegorri bazterrean, esaterako, eta Bolinaga eta Gellao auzoetako bideak moztuta egon dira eroritako zuhaitzen ondorioz. Arkarazo auzoan aparkatutako karabana bat hankaz gora jarri du, gainera. 

Zuhaitza Aretxabaletako bidegorrian, kanposantura bidean.

Karabana hankaz gora Arkarazo auzoan.

Antzuola

Antzuolan, haizearen kalterik apenas izan da; arramak, zuhaitz bat Eztalan eta teilatu zatiren bat bakarrik erori direla adierazi dute Udaletik. Argia joan zen atzo, erdigunean –Ondarre, Herriko plaza, Buztin Zuri...– eta Errekaldeko etxeetan gaur goizean oraindik ez zuten argirik. Iberdrolako langileek bertan dihardutela adierazi dute.

Elgeta

Goietan jo du bortitzen haizeteak eta adarrak eta hostoak daude bide bazterretan. Kanpanzarko bidean, Asentziotik 1,2 kilometro ingurura, bi zuhaitz jausi dira eta errepidea itxi behar izan dute.

Aramaio

Udaltzaingotik jakinarazi dutenez Aramaion ez da nabarmentzeko kalterik egon. Aipatzekoen artean, kontainer batzuk botata agertu dira eta errepideko errail bat moztu dute Suina eta Untzila artean erori den zuhaitz baten eraginez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak