Mondragon Taldeko ordezkariekin elkartu da Espainiako Lan Ministro Yolanda Diaz

Miren Arregi 2020ko urr. 8a, 15:15

Espainiako Lan Ministro Yolanda Diazek Mondragon Taldearen jarduna ezagutzeko aukera izan du gaur Aretxabaletara eta Arrasatera egindako bisitan. Bi erakundeen arteko kolaborazio bideak ere aztertu dituzte Otalora Jauregian egindako bileran.

Yolanda Diaz Espainiako Lan Ministroak Euskal Autonomia Erkidegora egindako bisita ofizialak Debagoienean  egin du geldialdia gaur. Arrazoia, Mondragon Taldearen eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlan bideetan sakontzea. "Hau guretzat pauso garrantzitsu bat da, harremanak mantentzeko eta hobetzeko Espainiako Gobernuarekin", azaldu du Mondragon Taldeko presidente Iñigo Uzinek.

Aretxabaletan Copreci Kooperatiba ezagutu ostean, Otalora Jauregian elkartu da Diaz Mondragon Taldeko arduradunekin. Mondragon Unibertsitatea ere bisitatu du galiziarrak. "EAEra bisita oso probetxuzkoa izaten dabil, baina, bereziki ezagutu gura nuen Mondragon Taldea. Eta gainera, gura dudana da, talde kooperatiboaren lana balioan ipintzea", azaldu du Diazek.

Mondragonen lana balioan ipini,  bereziki, "lan kooperatibotik  eta pertsona erdigunean jartzetik enpresa talde lehiakor bat eraiki daitekeela erakutsi duelako" eta haren ustez, bide hori lantzea ezinbestekoa izango delako hain beharrezko den berrindustrializazioaren susperraldian.

Susperraldian, gako

Hain justu ere, Diazek nabarmendu du bere bisitaren arrazoi nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoa susperraldi horretan kokatzea dela eta Mondragon Taldea estrategia horretan ezinbesteko pieza. Espainiako Lan Ministroaren ustez, kooperatibek eta Mondragon Taldeak gako izan behar dute eta egun hauetan  martxan jarriko den ekonomia sozialaren estrategian askorako eman dezake Mondragon Taldearen esperientziak. "Ezin izango dira bideratu aldaketa teknologikoa, modelo produktiboaren aldaketa eta digitalizazioa elkarlan barik. Ezin izango ditugu aurrera pausuak eman iraunkortasunean, kohesio sozialean eta territorialean, Euskal Autonomia Erkidego barik eta are gutxiago Mondragon taldearen esperientzia barik", azaldu du Diazek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak