Uda berezia izan bada ere argazki asko jaso ditu lehiaketak; 429 guztira, eta horrek epaimahaiaren lana ez du batere erraza egin. Kategoria bakoitzeko irabazle bat aukeratu du epaimahaiak, hiru sari guztira; eta herritarrek Publikoaren Saria aukeratu dute beraien botoekin.
Saioa Ugartebururen Labenne argazkia aukeratu du epaimahaiak Protagonistak kategoriako argazki irabazle moduan. Eroski Arrasateren eskutik Samsung Galaxy A20e smartphonea eskuratuko du.
Euskal Herrian sailean Maika Gallastegik Donostia inguruan ateratako Tximistarri argazkia aukeratu du epaimahaiak. Gure Ametsa jatetxean bi lagunendako afariaz edo bazkariaz gozatzeko aukera izango du.
Epaimahaiak aukeratu duen hirugarren argazkia Nazioartean kategoriakoa izan da. Julen Axpe Marboreko lakuan ateratako argazkia gailendu da eta Arrasate bidaiei esker, Zumaiako Zelai Talasoterapian bi pertsonarendako zirkuitu termala eta Zelai menua eskuratuko ditu.
Azkenik, publikoaren saria Hodei Gomez de Balujerak eskuratu du Cuencan izarrei begira ateratako argazki ederrarekin. Berarentzat izango da Bergarako Ereindajan-en eskutik bertako eta kalitatezko produktuen saski ederra.