5G teknologiaren kontra batu da hainbat lagun Oñatin

Julen Iriondo 2020ko ira. 27a, 10:05

5G teknologiaren kontrako mundu mailako protesta deialdiaren barruan, Euskal Herriko hainbat eragileren ekimenez Oñatin bildu zen atzo dozenaka lagun. Hitzaldiak egin zituzten aurrena Santa Ana antzokian, eta bilkura gero, Foruen plazan.

Ezartzen hasi berria den 5G teknologiak, besteak beste, nabigazio, deskarga eta sareratze abiadura handiagorako aukera emango die mugikorrei, eta erabilpen berriak. "5G teknologia sakelekoetan erabiltzeko, erosi egin beharko litzateke 5G-dun telefono bat, bosgarren belaunaldiko telefono bat. 5G-arekin, helburua da guztia guztiarekin konektatuta egotea: elektratresnak, garbigailua, automobila, autobusa… dena sare horretara konektatuta egotea", dio Asier Arregi geobiologoak.

Hainbatek uste du teknologia honek eragin kaltegarria izan dezakeela, besteak beste, osasunean, eta 5G-aren kontra mundu mailan egindako protestaren baitan atzo Oñatin egindako bilkuran teknologia berriaren ingurukoak ikertzeko eskatu zuten. "Ez dago frogarik bermatuko duenik efektu biologikorik izango ez duenik. Dagoeneko badakigu aurreko teknologiek efektu biologikoak dituztela; antena inguruan bizi diren pertsonen sintomatologia aztertuz gero, nahikoa erraza da ikustea osasun arazoak daudela inguru horietan. Pertsona elektrosentikor asko daude, gero eta gehiago, eta teknologia berri honekin uhin berriak datoz, eta gure gorputzek egokitzapen bat egin behar dute teknologia hori jasateko, eta uste dugu osasun arazoak egongo direla", zioen Arregik.

Aitziber Elortzak azaldu zituen berak izaten dituen sintomak. Elektrohipersentikorra dela zioen, eta eremu magnetiko eta elektrikoek kalte handia egiten diotela: "Burukominak; zorabiatzea; lo ondo egin ezina; nekatuta jaikitzea; sistema inmunologikoa, desastre; minbizi polipoak azaltzen hasten dira; tiroideak transtornatu egiten dira; ganglioak ere, zer esanik ez; metalik inguruan ezin dugu eraman uhinekin errebote efektua egiten dutelako; dena kaltetzen zaigu. Beraz, entzutea 5G-a orain artekoa baino askoz harago doala… Geu mundu honetatik, agian, joango gara, baina gure ondorengoei utziko diegunak ere asko kezkatzen nau".

Herritarrei eskatzen diete antena eta sintoma berriei adi egoteko, eta udalentzat ere badute eskaria. "Telekomunikazio lege berriekin, eskumenak murriztu dituzte, eta errazagoa da antena bat edonon jartzea, baina, hala ere, uste dugu oso garrantzitsua dela udalek exigitzea moratoria bat demostratu arte ez dagoela ondorio biologikorik edo osasun ondoriorik pertsonengan", zioen Asier Arregik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak