Isabel Moreno: "Neurtu ezin diren ondorioak ekar ditzake 5G teknologiak"

Karmele Uribesalgo 2020ko ira. 25a, 11:02
Isabel Moreno, Informa Tu elkarteko kidea.

Bihar, irailak 26, 5G teknologiaren aurkako mundu mailako protesta eguna izanik, elkarretaratzea egingo dute Oñatin, 19:30ean, Informa Tu elkarteak deituta. Hamalau elkarte atxiki dira deialdira; tartean daude medikuak, kaltetuak eta ekologistak. Hitzaldiak ere izango dira bihar Santa Ana antzokian, 17:30etan hasita. 5G teknologia zer den azalduko dute, baita osasunean eta ingurumenean zer eragin duen ere. Elektrohipersentsibilitateagatik kaltetuak diren bi hizlari ere izango dira.

Zein da biharko antolatu dituzuen ekintzen helburua?

Gure udalei eta Espainiako Gobernuari eskatu nahi diegu teknologia horren ezarpena atzeratzeko, kaltegarria ez dela ziurtatu arte. Frantziako hainbat alkatek egin diote jada eskaera hori Gobernuari. Hendaian, esaterako, bozketa bat egin da 5Gren ezarpena gelditu ala ez erabakitzeko.

Zein da egoera Debagoienean?

Udaletatik esan digutenez, eurek dakitela, behintzat, ez dago martxan teknologia hori. Antenen mapa bat eskatu nahi diegu udalei. Oñatin hasi gara, baina Debagoien osoan egin nahi dugu. Lortu nahi duguna da udal ordezkariek jakitea zer antena dauden eta zer aldaketa egiten ari diren. Gero, ikusi beharko dugu zein den zehazki egiten den emisioa. Izan ere, segur aski, osasunerako gomendagarria dena baino altuagoa izango da jada.

Zergatik diozue 5G teknologia kaltegarria dela?

5Gk neurtu ezin diren ondorioak izan ditzake. Osasunari dagokionez, hainbat ikerketak diote minbizia eta glukosa igoerak sor ditzakeela, besteak beste. Ugalkortasunik eza ere eragin dezake. Ingurumenaren aldetik, baliabide gehiegi ustiatuko dira, deforestazioa eragingo du, baita lehorteak ere. Flora eta fauna ere kaltetuak izango dira. Hiperkontsumismoa sorraraziko du 5Gren ezarpenak; telefono mugikor eta etxetresna elektriko gehienak aldatu beharko dira, dena interkonektatuta egon dadin. Horren ondorioz, zabor teknologiko mordoa sortuko da. Kontrola sekulakoa izango da, gure pribatutasunaren inguruko datu ugari jasoko baitira 5Gren bitartez. Langabezian ere eragina izan dezake, gailu automatikoak ezartzea ekarriko baitu.

Ekar dezake 5Gk nolabaiteko onurarik?

Nire ikuspuntutik, ez. Egia da sarearen abiadura handitu egingo dela, baina hori kable bitartez ere lortu daiteke. Eragingo dituen kalteak kontuan izanda, ez dut uste onura horiek lortzea merezi duenik.

Herritarrek ba al dute gai honen inguruko informaziorik?

Ez gehiegi. Komunikabideetan teknologia horren onurak bakarrik entzun ohi dira, baina ez da kalteen inguruan hitz egiten. Izan ere, enpresa handiei ez zaie interesatzen hori azaleratzea. Arriskuen adierazle argienetako bat da aseguru etxe bakar batek ere ez duela babesik eskaintzen osasunean eragin ditzakeen kalteen aurrean.

Zer asmo daukazue datozen hilabeteetarako?

Herritarrei informazioa eskaintzen jarraituko dugu. Horrez gain, bilerak izaten ari gara alkateekin eta alderdi politikoekin. Horiek ere gaiaren inguruan informatu nahi ditugu, eta eskatu nahi diegu ezarpena atzeratzearen alde egingo duen adierazpen instituzional bat egiteko. Gure helburua da ohartaraztea osasuna lehenetsi behar dela edozein aurrerapen teknologikoren aurrean. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak dio indibiduo orok duela eskubidea bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako. 5G teknologiarekin urratu egiten da artikulu hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak