Joan den egubakoitzean aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak ikasturte berriari ekiteko neurriak. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azaldu zuenez, Hezkuntza Sailaren eta Osasun Sailaren elkarlanetik sortutako neurriak dira horiek.
Ikasleak era mailakatuan bueltatuko dira ikasgeletara. HH, LH eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak astelehenean, irailak 7, itzuliko dira goizenez –edo ikastetxe bakoitzak aurreikusita zuen egunean–. DBHko 3. eta 4. mailetakoak eta batxilergoko ikasleak, berriz, irailaren 15ean. Lanbide Heziketari dagokionez, tailerrak eta lantokietako praktikak "antolatu beharra" dagoela eta, ikasleak irailaren 14tik aurrera bueltatuko dira: Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak irailaren 16an eta 2. mailakoak, 14an; Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak irailaren 23an eta 2. mailakoak, 21ean; eta, bukatzeko, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleen kasuan, ikastetxeetan ematen bada, 1. mailakoak irailaren 30ean eta 2. mailakoak 28an, eta udal zentroetan bada, 1. mailakoak 16an eta 2. mailakoak 14an.
Oñatiko Zuazola-Larraña Institutuko zuzendari Itziar Agirre, Bergarako Mariaren Lagundia Ikastolako zuzendari Gotzon Iparragirre eta Arizmendi Ikastolako zuzendari Iñaki Etxezarreta "etenik gabe" ari dira eskolara itzulera prestatzen, eta datozen asteetan ere "lanean" jarraitu beharko dute.
Gotzon Iparragirre, Mariaren Lagundia: "Etenik gabe aritu gara eskolara itzulera prestatzen, eta datozen asteetan ere lanean jarraituko dugu"
Itzulerarako kontingentzia-plana prest dute jadanik, baina horri egokitzapenak egin behar izan dizkiote azken egunetan. Hori guztia, birusaren hedapena saihestu eta eskola "ahalik eta espazio seguruena" izan dadin.
Itzulera, "beharrezkoa"
Hiru zuzendariek aitortu dute ikasturte hasierarako egoera hobea izan zedin espero zutela; eta, zehazki, urrian edo azaroan "okerrago" egotea "aurreikusten" zutela. Hala eta guztiz ere, hasierak baino gehiago, datozen hilabeteek kezkatzen dutela adierazi du Iparragirrek: "Neguko hilabeteetan koronabirusa ohiko gripe eta katarroarekin nahastuko da. Horrek kezkatzen nau gehien". Etxezarreta bat dator ikuspuntu horrekin, eta uste du hezkuntza presentzialera itzultzea "beharrezkoa" dela; izan ere, eskolaren rola "funtzio sozial osagarriak" betetzea da: "Azken 200 urteetako rola izan da gurasoek bete ezin dezaketen funtzioa betetzea, eta hori ezin du beste inork bete. Eskolak ixten badira, arazo sozial bat sortzen da". Are gehiago, Agirrek uste du "ezberdintasunen berdintzailea" dela eskola; hots, "ezberdintasun sozioekonomikoak berdindu eta ikasle guztientzat aukera berberak bermatzen dituen tokia".
Gotzon Iparragirre, Mariaren Lagundia: "Neguko hilabeteetan koronabirusa gripe eta katarroarekin nahastuko da. Horrek kezkatzen nau gehien"
Lehenik, neurrien inplantazioa
Eskolara itzulera ahalik eta "normalena" izan dadin lehen egunetan egin beharrekoak zehaztu dituztela aitortu dute. Zuazola-Larrañako zuzendariak uste du hasteko eta behin ikasleak "goxo" hartu behar direla, "eta emozionalki nola dauden ikusi". Iazko ikasturtearen zati bat galdu edo gainditu ez zutenen kasua ere aztertu beharko dute; materia horiek nola berreskuratu daitezkeen ikusteko. Eta zeregin guztietan "garrantzitsuena" da neurri sanitarioak inplantatzea: "Ikasleek zenbait kontu barneratu beharko dituzte; esaterako, eskuak sarri garbitu behar dituztela, eta ikasgela maiz oreatu behar dutela".
Segurtasun neurri ugari hartuko dituzte zentroetan. Jaurlaritzaren aginduz, esaterako, 1,5 metroko distantzia bermatzen den kasuetan ere nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea irakasle guztientzat eta LHko 1. mailatik gorako ikasleentzat. 6 urtetik beherakoentzat, berriz, Cristina Uriarte sailburuak joan den astean, ikasgela bakoitzeko "ikasle gehien" dituzten ikastetxeetara bideratuta. Hori ez ezik, Hezkuntza Sailak segurtasunmateriala emango die ikastetxeei, egoerari "berme guztiekin" aurre egiteko. 500.000 maskara bidaliko dituzte hilero ikastetxeetara, eta ikasturtea hasi aurretik, 800.000 maskara kirurgiko emango dira. Bestetik, termometro digitalen banaketa ere egingo dute, eta gel hidroalkoholikoak ere banatuko dituzte. 24.361 ordenagailu eramangarri ere erosiko dituzte, premia dutenen eskura jartzeko. Bukatzeko, ikastetxeetako garbiketako langileak goizez arituko dira lanean, "segurtasuna indartzeko".
Materialaren desinfekzioa
Materialaren erabilerari buruz galdetuta, zuzendariek diote ikasle askok ordenagailuz egiten dituztela lan gehienak, eta, bakoitzak berea duenez gero, "arazorik" ez dute ikusten. Liburuekin ere antzera gertatzen da. Materiala elkarbanatu behar duten kasuetan, azkenik, erabilera bakoitzaren aurretik eta ostean "ikaslearen ardura" izango da horiek desinfektatzea.
Espazioen banaketa
Jaurlaritzak emandako neurriak ikastetxe guztientzat berak badira ere, arduradunek argi dute "nork bere espazioa" duela, eta ikastetxe eta eraikin bakoitza "ezberdina" dela. Ikasle ratioak jaistea "ezinezkoa" iruditzen zaie, eta, beraz, espazioa administratzeko lana "zaila" egin zaie, oro har. "Ikasle ratioak jaisteko behar ditugu irakasle gehiago eta espazio gehiago; eta ez ditugu", azaldu du Arizmendiko zuzendariak. Gauzak horrela, eraikinean erabilgarri duten espazioa "ahalik eta ondoen" banatu behar izan dute.
Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastola: "Administrazio publikoak orientazioak eman behar ditu. Gero, ikastetxe bakoitzak bere eraikinean interpretatu beharko ditu horiek"
Ikastetxera sartzeko sarrera eta irteerak, bestalde, "ikasleak ez gurutzatzeko moduan" antolatu dituzte. Hori gutxi balitz, zenbait ikastetxetan komunak misto bilakatu dituzte, kurtso bakoitzeko gela bakoitzeko ikasleek erreferentziazko komuna izan dezaten. Hala eta guztiz ere, ikasleak banatzeko "ahalegina" egin duten arren, ezin dute "ziurtatu" ikasleak joan-etorrian gurutzatuko ez direnik. Ikastetxeko espazio komunak ere erabiliko dituzte; hots, liburutegia eta teknologia gela. "Horietan nork bere tokia izango du, beti berdina. Irakasleak izango du mapa bat ikasle bakoitza non jarri behar den ikusteko", azaldu du Zuazola-Larrañako zuzendariak. Jolastorduan ere antolatu beharra izango dute: "Maila batzuetako ikasleek eskolatik kanpo egiten dute atsedenaldia. Ikastetxean geratzen direnak adinka banatuko ditugu", dio.
Jantokiari dagokionez, Cristina Uriarte sailburuak esan du "ikasle kalteberak" dituzten zentroetako jantoki-zerbitzua lehenetsiko dela, ikastetxeak jantoki-zerbitzuaren inguruan hartutako erabakiaren arabera, eta lan-arriskuen prebentziorako neurrietan ezarritako neurriak errespetatuz. Hori horrela, zerbitzu hori nola eman ari dira aztertzen bailarako ikastetxeetako ordezkariak. Litekeena da ikastetxe batzuetan zerbitzu hori "mugatzea"; eta adin batetik aurrerakoak bazkalorduan ezinbestean etxera joan behar izatea. Beste zentro batzuetan, aldiz, ikasle guztiek izango dute jangelan geratzeko aukera. Arizmendiko Iñaki Etxezarretak azaldu du jangela txikietan ez dutela arazorik izango, baina jangela handiagoetan bazkaltzeko "txanda gehiago" egin beharko dituztela; era horretan, txanda bakoitzean ikasle gutxiago egon daitezen. Bazkalordua bera baino gehiago, Gotzon Iparragirrek argi dauka aurreko eta osteko tarteak izango direla "kontrolatzen zailenak", hori baita bizikidetza taldeak hautsi, eta elkarren artean "nahasten" diren momentua.
Itziar Agirre, Zuazola-Larraña: "Lehen, talde kooperatiboetan lan egiten zuten ikasleek, eta metodologia hori aldatu egin beharko dute"
Bizikidetza taldeetan, gelakideekin emango dute denborarik gehiena egunerokoan, eta metodologia aldaketa egitea ere kostako zaie: "Lehen, talde kooperatiboetan lan egiten zuten, eta hori aldatu egin beharko dute", azaldu du Agirrek. Horrek hezkuntzari "bira bat ematea" dakar: "Hausnarketa bat egiteko balioko du, eta zertan saiatu behar dugun ere ikusiko dugu".
Eudelek, berriz, lankidetza eskaera legin die udalei. Haurren eta nerabeen eskolatze presentziala bermatuko duten udalespazio publikoak identifikatu ditzatela eskatu du, espazio horiek ikastetxeentzat erabiltzeko moduan egon daitezen, beharrik izango balute.
Hitzarmen sozialaren beharra
Eskola publikoko, Kristau Eskolako eta Ikastolako ordezkariek argi dute "etengabe egokituz" joan beharko dutela egoera berri eta gertakarietara, baina uste dute familiekin elkarlanean aritu beharko dutela une oro. "Familiekin hitzarmen sozial bat egin beharko dugu, elkarrekin bidea egin", adierazi du Etxezarretak. Izan ere, uste dute etxekoek ere "prozesu hezitzaile bat" egin beharko dutela; eta eskolan egiten dena, kalera eraman: "Eskolari ezin zaio exijitu kalean egiten ez dena. Ezin daitezke bi neurgailu eduki: gizartean zabal, eta eskolarekin zurrun", dio. Are gehiago, aitortu dute eskolatik irtendakoan haur guztiak elkarren artean nahasteak "ez lukeela inolako zentzurik". "Ardura konpartitu bat ikusteko inoiz momentu historiko bat badago, hauxe da. Guztiok talde lanean eta norabide berean joateko unea da", argitu du Mariaren Lagundiko zuzendariak.
Iñaki Etxezarreta, Arizmendi Ikastola: "Eskolari ezin zaio exijitu kalean egiten ez dena. Ezin daitezke bi neurgailu eduki: gizartean zabal, eta eskolarekin zurrun"
Kasu positiboen hautematea
Joan den egubakoitzean egindako agerraldian zehaztu zituen Jaurlaritzak zeintzuk diren koronabirus kasu positibo posible baten aurrean jarraitu beharreko urratsak. Ikastetxe bakoitzak arduradun bat izango du COVID19arekin lotutako alderdiak lantzeko. Pertsona hori, zentroko zuzendaritzarekin batera, Osasun Publikoarekiko koordinazioaz arduratuko da. Halaber, ikastetxe bakoitzak erreferentziazko ESI bat izango du (Erakunde Sanitario Integratua).
Ikasle edo irakasle batek COVID-19arekin bateragarria den sintomarik badu, ez du ikastetxera joan beharko. Sintomak dituen ikaslea ikastetxean badago, aurrez horretarako prestatutako gela batera eraman beharko dute, bertan isolatuta egon dadin. Ikastetxeak gurasoekin harremanetan jarri beharko du jarraian, ikaslearen bila joan daitezen. PCR proba ere egin beharko diote. Bestetik, zentroko arduradunak osasun agintariekin jarri beharko du harremanetan, eta egoeraren berri eman. Gainontzeko ikasleek normal jarraituko dute eskolak jasotzen. Ikasle edo irakasleak PCR proban positibo emango balu, gaixoaren hurbileko kontaktuak identifikatu beharko lituzkete, Osasun arloko arduradunen jarraibideen arabera. Kontaktu horiek, gainera, berrogeialdia bete beharko lukete etxean.
Horren harira, Espainiako Gobernuak asteon iragarri du koronabirusean positibo ematen duten haurren gurasoek soilik eskatu ahal izango dutela gaixoagiria; ez, ordea, bakartuta dauden baina negatibo eman duten haurren gurasoek.
Egoeraren bilakaeraren jarraipena egiteko, astero bilduko den Jarraipen Batzorde bat egongo da lurralde bakoitzean, Osasun Publikoak eta Hezkuntza Sailak osatua. Hezkuntza-COVID Aholku Batzordea ere eratuko da.
Jarraibide "baliagarriak"
Zuzendarien ustez, sintomak detektatuz gero jarraitu beharreko urrats horiek kudeaketa egoki baterako "baliagarriak" izango dira; izan ere, "positiboen agerraldiak" izango dituztela argi dute, "eskola ez baita salbuespena". Etxezarretak argi dauka gisa horretako erabakiek "goitik" etorri behar dutela, ikastetxeetan ezin baitituzte hartu "osasun arloko erabakiak". Bestetik, uste du metodologiari, espazioen antolaketari... dagozkien erabakiak ikastetxeetan hartu behar direla: "Administrazio publikoak orientazioak eman behar ditu. Gero, ikastetxe bakoitzak bere eraikinean interpretatu beharko ditu horiek; ikasle, irakasle, guraso eta baliabideei jarraiki".
Balorazio "ona"
Ikasketa presentzialera itzultzea "aukera ona" bada ere, ikasturte amaieran egindako lana ez lukete ahaztu gurako. "Uste dut sekulako lana egin dugula hezkuntza online jarraituta ere. Ikasleek eta irakasleek, guztiok, ikasi behar izan dugu nola jardun, eta balorazio oso positiboa egiten dut horretatik", zehaztu du Agirrek.
Itziar Agirre, Zuazola-Larraña: "Uste dut sekulako lana egin dugula hezkuntza online jarraituta ere. Ikasleek eta irakasleek, guztiok, ikasi behar izan dugu nola jardun"
Halere, badakite ikasketa telematikoak ezin duela "inondik inora" ikasketa presentziala ordezkatu. Eta badakite eskolara itzultzeak baliabideak eskuratzea ekarriko duela ikasle zaurgarrienentzat: "Badago martxotik euskaraz hitz erdi entzun ez duen ikaslerik, eta hori oso kezkagarria da", diote hirurek.