Gurasoendako ezohiko bi informazio bilera egin ditu eskolak; izan ere, eguneroko funtzionamenduan aldaketa handiak ekarriko ditu 2020-2021 ikasturteak. Garbiketa eta distantzia neurri bereziak, bizikidetza talde egonkorretan funtzionatzea, eskola barruko zirkulazio neurriak, sarrera-irteera mailakatuak, jolastorduen berrantolaketa... "Eskola presentzialekin hasiko dugu ikasturtea, eta horiei eustea da apustua. Ezinbestekoa izango da denon inplikazioa. Familia guztien beharra dugu", azpimarratu du Libe Iñurrigarro zuzendariak.
Kutsatze arriskua gutxitzeko, hezkuntza komunitate osoak oso adi egon beharko du COVID-19arekin lotutako edozein sintomaren aurrean. "Denon ardura da", esan dute zuzendaritzatik.
Gurasoekin egindako informazio bileretan eman dute aldaketa edo egokitzapen nagusien berri. Kutsatze arriskua txikitzeko neurriak dira. Mailakako ikasturte hasierako bilerak hilaren 16tik 24ra bitartean egingo dira, guztiak 16:15ean. Deialdiak bidaliko dituzte eskolatik.
Etxean hartu beharreko neurriak
- Sintomei oso adi egon. Ondoezik dauden umeak ezin dira eskolara bidali. (sukarra –37º–, eztula, beherakoa, ondoeza...)
- Sei urtetik gorakoek –LH1etik aurrera– maskara erabili behar dute une oro.
- Etxean goizero hartu beharko da tenperatura umeei.
- Eskolara joan aurretik garbitu eskuak etxean.
- Familiek higiene eta segurtasun neurriak ezagutu eta beteko dituztela jasotzen duen agiri bat sinatu beharko dute ikasturte hasieran.
Eskolan hartuko diren neurriak
- Bizikidetza talde egonkorrak osatuko dira. Bakoitzak bere ikasgela izango da eta erreferentziazko bi hezitzaile: tutorea eta irakasle laguntzaile bat.
- Ikasleak ez dira ikasgelaz aldatuko. Espezialisten kasuan irakasleak mugituko dira (ingelesa, musika...)
- Ikastetxeko espazio komunak antolatu dira talde egonkor bakoitzak espazio finkoak edukitzeko (komun bat, mahai bat jangelan, espazio bat jolastokian...)
- Sarrera-irteerak antolatu dira, eta aurten ez da txirrinik egongo. LH3tik LH6rako ikasleek hamar minutuko aurrerapenarekin egingo dituzte sarrera-irteera guztiak. Gainerakoak ohiko ordutegian eta horretarako adostutako espazioetan elkartuko dira irakaslearekin (eskola atarian, frontoian...) Puntualitatea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da aurten.
- Gurasoei eskatzen zaie eskola aurrean ez pilatzeko. Loreontzien atzean edo gradetan itxaron beharko dute, eta ahal dela ez sartu eskolan. Harremanetarako erabili telefonoa edo emaila.
- Distantziak mantentzeko neurriak hartu dira: mahaiak aldendu, eskaileratan eta pasilloetan norabide geziak ipini...
- Protokoloak eskatu moduan hainbat aldiz garbituko dituzte eskuak eskolan ere. HHn ura eta xaboiarekin, LHn hidrogelarekin.
- Kanpo espazioak ahalik eta gehien erabiliko dira eta umeen egoera emozionalari arreta eskainiko zaio. Azken horretarako garrantzitsua izango da familien eta tutoreen arteko komunikazioa.
- Jangela zerbitzuan bi ordutegi izango dira. HHkoek 12:30ean bazkalduko dute eta LHkoek 13:30ean. Tartean jangela desinfektatuko da eta talde egonkor bakoitzak mahai bat izango du. Oraingoz, ez da aldizkako jankiderik onartuko.
- Ume batek sukarra badu bakartu, etxera deitu eta familiak bila etorri beharko du lehenbailehen.
- Baieztatutako positiborik balego erreferentziazko osasun zentroak erabakiko luke zein neurri hartu behar den ikastetxean.
Espazio faltarik ez
Espazio faltarik ez dagoela adierazi dute ikastetxetik. Hain zuzen ere, Eudelek udalei eskatu die erabilgarri dauden espazio publikoen zerrenda bidaltzeko eta horrekin lotuta Iraitz Lazkano alkateak adierazi du harremanetan daudela eskola eta Udala, eta eskolak baduela zerrenda hori. "Ez dakit bidaliko dugun. Ez diogu zentzurik ikusten Eudelera Elgetako espazio publiko erabilgarrien zerrenda bidaltzeari Eudeletik gero eskolara bidaltzeko, gu eskolarekin harremanetan gaude eta. Ikasturte hasierako bilerak, esaterako, Espaloia kafe antzokian egin dituzte. Garbi dago, gainera, eskolan ez dagoela espazio faltarik. Arazoa pertsonal falta da".