Osakidetzak jakinarazi ditu PCR proben azken emaitzak eta positiboek gorakada izan dute Gipuzkoan eta bailaran. Hamar kasu berri atzeman dira Debagoienean: sei Arrasaten eta lau Bergaran. Atzo, abuztuak 13, guztira, 6.617 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 510 positiboak izan ziren EAEn.
Osakidetzaren arabera, hauexek lurraldeka PCR proben positiboen emaitzak: 112 Araban, 292 Bizkaian, 92 Gipuzkoan eta 14 EAEtik kanpo bizi diren pertsonengan detektatu dira. Ospitaleen egoerari dagokionez, 38 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVID-19a duten 13 pertsona ZIUn daude. RO indizea 1,25ekoa da gaur EAEn.
Nafarroan positibo 108
Azken 24 orduetan 108 positibo kasu atzeman dira Nafarroan. Ospitaleratzeak 9 izan ziren atzo. Nafarroako Gobernuak udazkenean etor daitekeen egoerari aurre hartu nahian, adineko egoitzetan lan egiteko lan poltsa osatzeko deialdia zabaldu du. Gainera, izena ematen dutenei adinekoen oinarrizko zaintza formakuntza eskainiko die. Formakuntza abuztu bukaeran hasiko dela iragarri dute.