Joan Mari Torrealdai hil da

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko uzt. 31a, 20:08

Joan Mari Torrealdai. Argazkia: Jakin.

Euskal idazle, euskaltzain eta kazetaria gaur, uztailak 31, zendu da minbiziak jota, 77 urte zituela. Euskaltzale sutsua izan zen Torrealdai eta lan handia egin zuen arlo horretan. 

Foruan (Bizkaia) jaio zen Torrealdai, 1942ko azaroaren 24an. Teologian eta Informazio Zientzietan lizentziatu zen, eta ordutik, bere ibilbidea euskalgintzari eta kulturgintzari estuki lotuta egon zen. Besteak beste, Jakin aldizkarian, Elkar argitaletxean, Euskaldunon Egunkarian eta PuntuEUS Fundazioan jardun zuen, eta 2007an euskaltzain oso izendatu zuten. Hamar urte geroago, 2017an, euskaltzain emeritu izatera pasatu zen.

Egunkariaren auzia

2003ko otsailaren 20an, Egunkaria-ren itxiera operazioaren baitan atxilotu zuten Joan Mari Torrealdai. ETArekin harremanetan egotea leporatuta espetxean sartu zuten, administrazio Kontseiluko beste kideekin batera. Torrealdaik torturak salatu zituen. 

2010eko apirilaren 12an, Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga errugabeak zirela onartuz. Hala ere, auzi ekonomikoarekin aurrera jarraitu zuen, 2014ko ekainaren 4an artxibatu arte. 

Ibilbideari aitortza

2007an, aitortza jaso zuen Joan Mari Torrealdaik. XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian Ohorezko Aipamena eman zioten.

Modu honetan laburbildu zituzten une hartan saria emateko arrazoiak: "Sariatuari, gaur egungo euskal pentsamoldearen ikuspegitik, aitzindari, aztertzaile eta bultzatzaile izatea aitortu behar zaiolako. Kazetari edo zuzendari, bakarka edo taldeka aritua, euskarazko prentsaren sortzaile adoretsua dugulako. Berak bultzaturiko ekimenen artean, euskarazko prentsak emandituen ekarpen garrantzitsuenetakoak ditugulako. Berak jorratutako ibilbideak eta plazaratutako ikerketa eta adierazpenek kazetarien askatasunaren ikur eta euskal kazetaritzarentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu dutelako. Hitz gutxitan, euskal kazetaritza berriaren bitartez euskaldunoi mundua ulertzeko lan-tresnak eskaini dizkigulako".

Haren heriotzak tristura handia eragin du; hona nola jaso duten Berria-k eta Jakin-ek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak