Joan den apirilaren 7an Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten, Donostian, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Kasua artxibatzeko eskatu zuten defentsak, auzia preskribatuta dagoela esanez. Aldiz, fiskalak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen: Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi akusatuentzat 128 urteko espetxealdia –9 eta 18 urte artekoak– eta 221 milioi euroko isunak eskatzen ditu fiskalak.
Gaur, Carmen Zubimendi epaileak auzia itxi du, ustezko delituak preskribatuta daudela iritzita, eta auzipetuta zeudenek izan zezaketen erantzukizuna amaitutzat eman du. Orain, bost eguneko epea dauka apelazioa aurkezteko.
Fiskalak dio akusatuek Egunkaria-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutu zituztela eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egin zutela, nahiz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak txosten batean aitortua zuen Egunkaria-k ez zuela zerga iruzurrik egin, eta Jaurlaritzak esan izan duen laguntzak legezkoak zirela.
Informazio gehiago, berria.info-n.