Musika eta natura bat, Urmugarekin

Miren Arregi Amasorrain 2020ko uzt. 22a, 11:26

Mendizaletasuna, natura eta naziotasuna uztartzen dituen Urmuga ekimenak geldialdia egin du astean Urbian. Kontzertu magikoa eskaini zuen bertan Maddi Oihenart kantariak, Juantxo Zeberio eta Gorka Benitez musikariekin batera. Ekimenean dihardutenek Euskal Herria zeharkatuko dute ekialdetik mendebaldera. Anguloko portuan hasi ziren uztailaren 14an eta Hiru Erregeen Mahaira iritsiko dira abuztuaren 1ean. Bien bitartean, hainbat kontzertu eskainiko dituzte, mendian.

Ameslaria eta ausarta da Felipe Uriarte mendi gidariak eta Migel Zeberio musikariak beste hainbat lagunekin batera abiatu duten Urmuga ekimena. Euskal Herria mendebaldetik ekialdera mendiz mendi zeharkatzen ari dira, natura eta musika uztartuta. Uztailaren 14an Angulo mendatean hasi zuten, eta, abuztuaren 1ean Hiru Erregeen Mahaira heldu bitartean, musi-ka emanaldi asko egingo dituzte, toki "txiki eta bereziak" ezohiko agertoki bihurtuta.

"Ekimen gozagarria"

Astelehenean heldu zen Debagoienera zazpigarren etapa, eta Urbian egin zuten Maddi Oihenartek, Juantxo Zeberiok eta Gorka Benitezek kontzertua, euskal kantagintzako abesti ezagunak –Mikel Laboarenak, Joxan Artzerenak, Etxahun-Irurirenak...– jazz ukituarekin eskainita. "Gune honetan indarra hartzen dugu, eta oso goza-garria da. Festa bat da, elkartzea pozgarria da, eta bi musikari handiekin jotzea beti plazera da", dio Oihenartek, eta zera gaineratu du Zeberiok: "Guretzako sekulako luxua da, eta entzuleentzako ere hala dela uste dut, gutxi batzuentzako emanaldia izan da eta".

Ekimen gozagarria da oso", dio ikusle batek, zera gaineratuta: "Lasaitasun ederrean, natura erdian, paraje honetan zerbait mistikoa eta magikoa ari da gertatzen. Aitzakia ederra da Euskal Herria ezagutzeko; garai bateko erromerietatik gatozen jendea gara asko, eta iruditzen zait erromeri moderno baten aurrean gaudela. Estimatzen da antolatzaileen ahalegina hau guztia aurrera eramateko, eta gauden garaietan, gainera". Honela zioen beste ikusle batek ere: "Mendia, euskara, kantua... dena lotuta dago. Ikaragarrizko luxua da halako paraje batean halako musikariak entzutea".

"Ekintza armatu poetikoa"

Naturaren musikarekin gizakiaren musika edertu egiten dela dio Uriartek: "Ez da erraza izan, baina beharrezkoa ikusten genuen Urmuga abiatzea, eta, ikusitakoak ikusita, pozik gaude, orokorrean, harrerarekin. Egunotan esaten ari naiz hau ekintza armatu bat dela, eta ditugun armak dira poesia, musika, izerdia, umorea eta herriko musika. Arma oso indartsuak dira eta horiek erabilita nik uste dut zerbait txikia baina sakona egingo dugula".

Oraindik ere aukera dago Urmugarekin bat egiteko, asteko edo eguneko planak eginez. Informazioa eta izen ematea, Ur-muga.eus atarian.

Erlazionatuak

Urbiako larreak musikaz bete ditu Urmugak

Miren Arregi Amasorrain 2020 uzt 20 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak