Urmuga Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josten duen ertza da eta, hain zuzen, zeharkaldi hori hartu dute ardatz izen bereko egitasmoa bultzatu duten kideek. Mendia eta musika batu dituzte antolatzaileek, euskal naziotasuna oinez eta kantuz aldarrikatzea helburu. Urmugak zazpigarren etapa egin zuen atzo eta bidean zehar eskainiko dituen 10 kontzertuetatik hirugarrena izan zen.
Magiaz beteriko emanaldi intimoa eskaini zuten hiru musikariek, Urbiako behor, behi eta ardien arran hotsek lagunduta. Mikel Laboa, Joxan Artze, Kirmen Uribe, Leire Bilbao, Etxahun-Iruri... Euskal kulturgintzaren izen handiek sortutako letrak musikatu zituen hirukoak. Ikuslegoak txaloz eskertu zituen emanaldiaren zuzentasuna eta goxotasuna, baita zeharkaldiaren arima den Felipe Uriartek hori guztia gauzatu ahal izateko egindako lana ere.