Kirola aire zabalean egitean, maskara eraman behar da? Eta lagunarteko piknik batean?

Itziar Larrañaga Sarasola 2020ko uzt. 21a, 10:40

Maskara mendian. (Argazkia: Ane Berezibar)

Pasa den astean, maskararen derrigortasuna indarrean sartu zenetik, hainbat eremutan zalantzak izan dituzte herritarrek. Mendira bakarrik joanez gero maskara eraman behar al da? Eta lantokian, musukoa jantzita egin behar da lana? Piknik edo barbakoa bat eginez gero, zer dio arauak?

Eusko Jaurlaritzak ohiko zalantzak argitzeko ondorengo argibideak argitaratu ditu. Dokumentuan argitzen denez, uztailaren 15eko Agindua bi osasun-irizpidetan oinarritzen da, eta irizpide horiek "beharrezkotzat jotzen diren interpretazioak egiteko baliatu behar dira":

- Pertsonen pilaketak ekiditea; izan ere, birusa transmititzeko foku garrantzitsua dira.

- Birusaren transmisioa ekiditea gizabanakoak elkarrengandik hurbil daudelako eta, horretarako, maskara erabiltzea derrigorra izatea, eta 1,5 metroko segurtasun-distantzia ezabatzen delako.

Ohiko zalantzak

EREMU SOZIALA:

1.-Har daiteke kontsumiziorik tabernaren atean edo inguruan, ala bakarrik barruan eta/edo terrazetan? 

Bai, har daitezke kontsumizioak tabernaren atean edo inguruan, baldin eta 1,5 metroko distantzia gordetzen bada pertsonen artean; gainera, maskara eraman beharko da jantzita. Gainera, taldeak ezingo dira 10 pertsonatik gorakoak izan ingurune horietan, eta pertsona horiek kontsumitzen dutena establezimendukoa bertakoa izan beharko da.

*Bergarako tabernetan ezingo da barran kontsumitu.

2.- Nolakoa izan behar du maskararen erabilerak, kontsumizioa edo jatekoa hartzeko orduan? Maskara kentzen eta jartzen egon behar dugu etengabe, edo kontsumizioak iraun bitartean jantzita izan gabe egon gaitezke?

Bezeroak tabernara edo jatetxera maskara une oro jarrita sartu beharko du, kontsumitzeko unean izan ezik; beraz, jantzita izan beharko du, esertzean, jatekoa eta/edo edatekoa eskatzean, eta harik eta zerbitzariak kontsumizioak eraman arte; orduan kendu ahalko dute. Kontsumizioak amaituta, berriz ere jantzi beharko du, nahiz eta mahaian eserita jarraitu.

Bezeroak komunera, tabakoa erostera edo beste edozer egitera joan behar badu, maskara nahitaez jantzi beharko du, eta gauza bera egingo du ordaintzera doanean eta lokala uzten duenean. Zerbitzariarekiko adeitasunagatik, bezeroak maskara jarri beharko du, halaber, eskatzen duenean edo motiboren batengatik zerbitzariarekin elkarrizketan jardun behar duenean, nahiz eta kontsumitzen egon”.

3.- Maskaren erabilera bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan.

Maskararen derrigorrezko erabilerari buruzko 1.3. puntuak honako hau dio:

Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan.

Betebehar hori ez da derrigorra izango gaixotasun-motaren bat edo arnasketa-zailtasunen bat duten eta maskararen erabileraren ondorioz larriagotu daitekeen pertsonen kasuan, edo, daukaten desgaitasun- edo mendekotasun-egoera dela eta, maskara kentzeko autonomiarik ez dutenen kasuan edo dauzkaten jokabide-nahasmenduen ondorioz haren erabilera bideraezina den kasuetan, ez eta 21/2020 ELDko 6.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan ere.

4.- Piknikak, barbakoak, bazkariak aire zabaleko espazioetan.

Piknikak edo barbakoak egiteko behar bezala egokituta dauden espazio irekietan edatekoa eta jatekoa kontsumitu ahalko da, betiere taldeak 10 pertsonatik gorakoak ez badira eta une oro maskara jantzita badaramate, jatekoa edo edatekoa hartu bitartean izan ezik.

5.- Terrazetan edo bide publikoan erretzea

Baimendutako espazioetan erre ahalko da, eta maskara eraman beharko da une oro, erretzeko unean izan ezik.

ENPLEGU-EREMUA

1.- Lan-zentroetan, publikoak zein pribatuak izan, maskara erabili behar da lanaldian, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gordetzen bada?

Jendearentzat zabalik ez dauden espazioen kasuan, besteak beste lan-zentroetan edo antzeko izaerako beste edozeinetan, arauan berariaz jasota ez daudenez, espazio bakoitzean egokitzat jotzen diren neurriak aplikatu beharko dira; neurri horiek bermatu egin beharko dute goiburuan azaldutako osasun-printzipioak betetzen direla.

Gainera, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan (COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriena) ezarritakoa bete beharko da.

GARRAIO-EREMUA

1.- Gidariek maskara eraman behar dute?

Tranbiako, trenbideko, metroko, funikularreko eta autobuseko langile guztiek dute bezeroarengandik bananduta gidatzeko kabina edo pandemian jarritako banantze-manparak.

Horrenbestez, maskara erabiltzeko derrigortasuna gidatzeko aldian ez da hain zorrotza izango, baina, horretarako, bakarrik egon beharko dute bidaiari-lekuetan.

Txanda-aldaketak daudenean, sartzen denak eta irteten denak maskara jantzita eraman beharko dute, eta eskuak garbi. Txanda hartzen denean, ibilgailura maskararekin sartu beharko da, eta garbitu egin beharko da, horretarako bere esku dauden produktuen bidez.

2.- Autoaren barruan maskara eraman behar dut?

Ez da beharrezkoa autoan bakarrik edo bizilagunekin bidaiatzen bazara. Beste edozein kasutan, bada derrigorra

KIROL-EREMUA

1.- Kirola aire zabalean egitean, maskara eraman behar dut?

Kirola aire zabalean eta bakarka bada, 21/2020 ELDaren 6.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, Osasun Sailak herrigunean kirola egiten bada hura erabiltzea gomendatzen du.

2.- 6 urtetik gorako umeak parkean edo futbolean jolasten ari direnean, besteak beste, maskara eraman behar dute?

Nahiz eta deserosoa izan daitekeen maskara jantzita jolastea, hura erabiltzea derrigorra da pertsona horientzat ere.

3.- Mendira noa, bakarrik. Maskara eraman behar dut?

Ez, ez da beharrezkoa. Egoera horrekin parekatu beharko dira hemen deskribatu ez diren gainerakoak, baina banako jarduerak direnak, aire zabalekoak eta beste pertsona batekin kontakturik eragiten ez dutenak.

4.- Bidegorritik bizikletan noa lanera. Maskara beti?

Aire zabaleko jarduera fisikoarekin parekatzen da. Intentsitatea txikiagoa izatean, maskara erabiltzea gomendatzen da.

5.- Gimnasio baten barruan, kirola maskara jantzita egin behar dut?

Bai; izan ere, erabilera publikokoa den edo jendeari zabalik dagoen espazio itxian zaude. Beraz, derrigorra da maskara erabiltzea gimnasio baten barruan.

6.- Taldeko kirola aire zabalean

Aire zabalean taldeko kirola egitean ez da derrigorra izango, ez eta ezinbesteko kasuetan edo beharrizaneko egoeretan ere, edo, jardueren beren izaera dela eta, maskara erabiltzea bateraezina den kasuetan, osasun-agintarien oharrak aintzat hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak