Beasain-Bergara autobiako bidesariaren zenbatekoa adostu du Aldundiak

Uxue Igarza Loiola 2020ko uzt. 14a, 15:06

Oraindik ez dute zehaztu ordainketak noiz hasiko diren, baina azaldu dutenez, ezingo da izan 2022ko ekainaren 30a baino beranduago. Ibilgailu guztientzako tasak ezarri dituzte, motozikletentzako izan ezik.

Beasain eta Bergara arteko A-636 autobia erabiltzeagatik ezarriko den ordainsaria finkatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Beasaindik Bergarara doan erabiltzaileak  2,53 euro ordaindu beharko ditu –ibilgailu arinen kasuan eta deskonturik gabe–. Hala ere, bideko ordainsari guztiak azaldu dituzte.

IBILBIDEA KILOMETROAK Ibilgailu arinen BIDESARIA Ibilgailu astunen (1) BIDESARIA Ibilgailu astunen (2) BIDESARIA
Beasain - Ormaiztegi 2,8 0,38 0,61 0,78
Ormaiztegi - Zumarraga 5,4 0,74 1,18 1,50
Legazpi/Urretxu - Bergara 7,3 1,41 2,32 2,87
Legazpi/Urretxu - Antzuola 2,5 0,48 0,79 0,98

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuaren hitzetan beharrezkoa da ordainketa-sistema ezartzea: "Azpiegiturak eraiki, mantendu, artatu eta ustiatzeak sortzen dituen kostuak ikusaraziko ditu, azpiegitura horien erabiltzaileei kargatuz”. Oiarbidek gaineratu du Gipuzkoako edukiera handiko errepide sarean bidesari gehiago ere badaudela, eta "koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik", uste duela "eraginkorrena eta bidezkoena" dela ordainpeko sistema.

Ordainketak egiteko erabiltzaileek "baliabide teknikoak" eduki behar dituztela jakinarazi du Foru Aldundiak, edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzen duen informazioa eman beharko dute. Bestetik, Gipuzkoan erabiltzaileei aplikatzen zaizkien hileko "deskontu gorakorrak" eta hileko "gastu mugak" ere aplikatuko dituztela aurreratu dute, baldin eta "baldintza batzuk" betetzen badira.

Zerga bilketak, behera

Eider Mendoza bozeramaileak jakinarazi duenez, Gipuzkoako zerga bilketa metatua 1.402,5 milioi eurokoa izan da ekainera arte, –iaz baino 184,5 milioi euro gutxiago–, baina konfinamendu garaian atzeratutako ordainketen "zati handi bat" berreskuratu dela azaldu du: “Lehen hiruhilekoko ordainketa apirilaren 27an zen egitekoa eta ekainaren 1era mugitu genuen. Ondorioz, autolikidazio hauek guztiak 2019ko maiatzean zenbatu ziren, eta aurten, aldiz, ekainean. Horrek igoeraren zati handi bat azaltzen du”.

Dena den, Mendozak urte amaierarako aurreikuspena mantentzen duela esan du; hau da, zerga bilketaren %20ko jaitsiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak