ALBISTEAK

EAJk irabazi ditu hauteskundeak, EH Bilduk gorakada nabarmena izan du eta Voxek jarleku bat eskuratu du

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 12a, 23:43

EAJ izan da nagusi Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan baina 2016an baino ia 49.000 boto gutxiago jaso ditu; hala ere, hiru eserleku gehiago eskuratu ditu eta 31 izango ditu. Botoetan gora egin duen bakarra EH Bildu izan da; lau eserleku gehiago eskuratu eta 22 izango ditu. Elkarrekin Podemos-IUk porrot handia jaso du eta sei jarlekurekin geratu da, bost galduta. PSE-EEk hamar izango ditu, 2016an baino bat gehiago. Eta Voxek ordezkaritza izango du Eusko Legebiltzarrean, Araban lortutako emaitzei esker.

EAJ izan da garaile orain dela lau urte legez, baina jeltzaleen eta EH Bilduren arteko aldea murriztu egin da; ia 173.000 botoren arteko aldea izatetik 100.000 izatera pasatu dira. Alderdi Sozialistak, ostera, eserleku bat irabazi arren 4.500 boto gutxiago jaso du. 

Elkarrekin Podemos-IUk eta PP-Ciudadanosek nabarmen egin dute behera eta botoen erdia baino gehiago galdu dituzte. 

Vox alderdi ultraeskuindarra lehenengoz aurkeztu da Gipuzkoan (4.010 boto) eta Bizkaian (8.785 boto ). Araban, ostera, bigarrenez izan da lehian eta sekulako gorakada izan du ia 4.000 boto gehiago jasota (4.722 boto guztira).

Parte-hartzeari dagokionez, inoizko txikiena izan da, %52,86, eta zazpi puntu jaitsi da EAEn. Boto kontaketaren behin betiko emaitza uztailaren 17an emango dute kanpoan bizi direnen botoak zenbatzerakoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak