ALBISTEAK

Miren Gorrotxategi: "Orain arteko norabidea goitik behera aldatu beharra daukagu"

Eneko Azurmendi 2020ko uzt. 4a, 13:16

Elkarrekin Podemos-IUk kanpainako ekitaldia egin du Arrasaten, Seber Altube plazan, eta bi izan dira izen nagusiak: Miren Gorrotxategi lehendakarigaia, eta Rafa Mayoral, Madrilgo Kongresuan diputatua. Horiez gain, Jon Hernandez legebiltzarkide eta Gipuzkoako zerrendan bigarrenak eta Podemoseko idazkari nagusi Pilar Garridok ere hartu dute berba.

Elkarrekin Podemos-IUk garbi du helburua: "Euskadin beharrezkoa da ezkerreko gobernu bat osatzea. Eta, pandemia egoera honetan, ideia hori indartu egin da, gainera", adierazi du Gorrotxategik.

Aurreko krisialdiari aurre egiteko eskumako politikak erabili zituztela dio lehendakarigaiak, eta ez zuela funtzionatu. "Pandemiak eragindako krisia heldu den honetan, zer izan da gizarte guztiak eskatu duena eta argi ikusi duguna? Zerbitzu publikoek titulartasun publikoa izan behar dutela, kalitatezkoa eta unibertsala izango den zerbitzua bermatu ahal izateko. Horrez gain, ikusi dugu ezinbestekoa dela langileek baldintza onetan lan egitea. Azkenik, ikusi dugu gehien daukatenek ez badute gehiago ordaintzen ezin dugula diru nahikorik jaso gastu publikoari aurre egiteko. Eta gauzak gaizki doazenean, gastu publikoa ezinbestekoa da eskubideak bermatzeko eta ekonomia berpizteko. Horrek ondorio garbi batera garamatza: eskumako politikak txarrak direla. Baina, oraingoan ere eskumako politikak ezarriko dira, guk ez baldin badiogu horri muga jartzen", nabarmendu du.

Beraz, koalizioak "argi eta garbi" dauka ezin direla akats horiek errepikatu eta norabidea "goitik behera" aldatu beharra dagoela. "Horregatik, ezkerreko politiketan oinarritutako gobernu bat aldarrikatzen dugu, eta hori esaten dugunean derrigorrezkoa da alderdi sozialistari eta EH Bilduri begiratzea, haien programetan zintzo jasotzen dituztelako ezkerreko politiketan oinarritutako neurriak eta errezetak. Baina, gobernua eratzerakoan, beste ardatz batzuei begiratzen diete. Beraz, Euskadin, gehiengo sozial ezkertiarra egon arren, gobernua beti eskumakoa izan da. Gure ardura eta konpromisoa da hori inoiz gehiago gerta ez dadin".

Zaintza arloan, "prekarietaterik ez"

Espainiako Kongresuko diputatu Rafa Mayoralek zaintza arloa izan du hizpide. "Arazo handi bat da zaintza sistema enpresa pribatuen esku uztea. Beharrezkoa zaigu ulertzea zaintza arloan diharduten langileen baldintzak hobetu behar ditugula, eta horretarako eredu osoa aldatu behar da. Izan ere, pandemiari aurre egiteko funtsezkoa izan da zaintzaileen lana, eta lan-baldintza eskasetan egin behar izan diote aurre egunerokoari".

Bukatu du esanez bi aukera daudela: "Orain artekoarekin jarraitu, edo ezkerreko hiruko gobernua osatu, alderdi sozialistarekin eta EH Bildurekin".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak