ALBISTEAK

Arkaitz Rodriguez: "EH Bildu da herri honekiko eta gehiengoarekiko konpromisoaren sinonimo"

Txomin Madina Milikua 2020ko uzt. 3a, 23:00

Egubakoitzetan euskal presoen etxeratzea eskatzeko Oñatin egin ohi den elkarretaratzean parte hartu ostean agerraldia egin dute gaur arratsaldean Oñatiko Foruen Plazan Izaro Elorza alkateak eta EH Bilduren Gipuzkoako hautagai Arkaitz Rodriguezek.

Izaro Elorzak hartu du hitza hasteko, eta pandemia garaian Udalak egindako lanak eta hartutako erabakiak izan ditu hizpide. Azaldu du hartutako erabakiak errazak izan ez arren, erdigunean pertsonak jarri dituztela, eta udal baliabideak horretara bideratu. Bereziki nabarmendu  du apirilaren 11a, bere esanetan, egun horretan oñatiarrek elkarrekin merkatuen itxieraren dekretua bertan behera uztea lortu zutelako: “Lehen sektorea, baserritarrak, elikadura burujabetza, tokikoa… Hori da EH Bildutik lehenesten duguna, zaintzea eta sustatzea nahi duguna”.

Oñatiko alkateak, era berean, adierazi du erakutsi dutela badakitela elkarlanean aritzen, eta zentzu horretan, kritiko agertu da Foru Funtsarkin gertatu denarekin: “Foru Funtsetik hiru administrazioek jasotzen dugu dirua, bakoitzari dagokiona kopurua, adostuta dagoena. Honekiko aldaketarik balego erabakia ere adostutakoa izan beharko litzateke, ez aldebakarrekoa eta komunikabideen bitartez, aurreko hilabetean gertatu bezala”. 

"180 graduko aldaketa"

Arkaitz Rodriguezek, bestalde, Irunberriko gertakarien 30. urteurrenaren harira “egia, justizia eta erreparazioa” eskatu ditu bere hitzaldian Susana Arregi eta haren senideentzat; eta euskal presoei erreferentzia eginaz, “espetxe politika kriminala” bertan behera uzteko eskatu du.

Azaldu du pandemiak ekarriko duen krisi ekonomiko eta sozial berriaren aurrean orain arteko politikekiko norabidea aldatu behar dela: “180 graduko aldaketa behar dugu, baldin emaitza ezberdina izango bada. Eta ez da zilegi krisi hori betikoen bizkar gainean geratzea”. “Krisi hori”, jarraitu du, “ordaindu behar du kapitalak; enpresa handiek; oligopolio elektrikoek; banketxeek, horretarako erreskatatu genituen-eta”. 

Rodriguezek gaineratu du EH Bilduk ez duela nahi Iñigo Urkulluk eta Idoia Mendiak berrezarri gura duten normaltasun “neoliberal eta patriarkala”, eta zaintza sitema publiko baten beharra azpimarratu  du, baita erreforma fiskal sakon batena eta AHT bezalako lanak geratzekoa ere.

“EH Bildu da herri honekiko eta gehiengoarekiko konpromisoaren sinonimo. Gu ez gara politikari profesionalak, gu militante politikoak gara”, esanaz amaitu du agerraldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak