ALBISTEAK

Maddalen Iriarte: "Urkullu erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oztopo bat da"

Txomin Madina Milikua 2020ko eka. 29a, 23:00

Alderdiko Debagoieneko hainbat udal hautetsi alboan zituztela, Arrasaten izan dira gaur iluntzean EH Bilduren lehendakarigai Maddalen Iriarte eta Gipuzkoako zerrendako hirugarren eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez. Autogobernuaren aldeko konpromisoa berretsi dute bertan, Urkulluk gaiarekin izan duen jarrera gogor kritikatuz.

Arrasateko Seber Altube plazak hartu du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira EH Bilduk egindako ekitaldi politikoa. Maddalen Iriarte lehendakarigaiak eta Gipuzkoako zerrendako hirugarrena eta Sorturen idazkari nagusia den Arkaitz Rodriguezek hartu dute hitza agerraldian. Bertan izan dira baita ere EH Bilduren Gipuzkoako zerrendan dauden Lore Martinez aretxabaletarra eta Ander Rodriguez arrasatearra, eta alderdiak ibarrean dituen hainbat udal hautetsi.

Iriartek eta Rodriguezek, biek azpimarratu dute uztailaren 12ra begira "partida" ez dagoela erabakita, eta lehendakarigaiak azaldu du  EH Bildurentzat bozka guztiak beharrezkoak direla. Esan du, gobernuan egonez gero, zerbitzu publikoak indartuko dituztela: "Batzuk murrizketez ari dira hitz egiten. Badakigu pandemiak sortutako krisi ekonomikoak diru gutxiago ekarriko duela eta zailtasun handiagoak. Baina gu ez gara errazean eroriko, zerbitzuak finantzatzeko dirua aterako dugu. Erabakiko dugu zer den hobea jendearentzat: milaka milioi euro xahutzen dituen eta inondik inora ez doan tren bat egitea, edo jendea zaintzea".

"Burujabetza ez da gutizia bat"

Osasungintzan, hezkuntzan, enpleguan, etxebizitzan, industrian, giza-eskubideetan, elkarbizitzan eta zaintzan hartutako konpromisoak beteko dituzten konpromisoak direla gaineratu du Iriartek, "ez promesak". Horiek gauzatu ahal izateko, burujabetzaren beharra azpimarratu du: "Burujabetza ez da gutizia bat, gure eskubide guztiak bermatu ahal izateko instrumentu politikoa baizik; horregatik da beharrezkoa". Zentzu horretan, Urkulluri leporatu dio erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oztopo bat izatea, eta gaineratu du hark autogobernuaz esandakoek ez dutela ezer balio: "Batzuk kanpainan bakarrik gogoratzen dituzte autogobernua, erabakitzeko eskubidea, nazioa... Urkullu autogobernuaz ari denean, ze autogobernuz ari da? Gernikako Estatutu bat genuen, sekula bete ez dena, hamaika mila aldiz urratu dutena; eta Madrilek, pandemian, kendu egin duena. Madrilek kentzen du eta Madrilek jartzen du. Sanchezek erabakitzen du eta Urkulluk burua makurtu".

EH Bilduk eta EAJk adostutako estatus berria Urkulluren gustukoa izan ez eta tiraderan gordeta dagoela esan du Iriartek, eta Idoia Mendiarekin gobernua osatuta ezinezkoa izango dela zentzu horretan aurrera egitea.

Faxismoa "gelditzeko botoa"

Arkaitz Rodriguezek, bestalde, azaldu du EH Bildun ez dagoela ustelkeria kasurik edo ate birakarien kasurik,  eta nabarmendu du EH Bildurena dela faxismoa gelditzeko botoa: "Guk lagundu genuen Rajoy Moncloatik botatzen; guk bota genuen Maroto Gasteiztik; guk bota genuen Barcina Iruñetik. Eta etorkizunean ere gure bozkak beti izango dira eskuin espainola eta faxista instituzioetatik eta boteretik botatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak