Sexu askapenerako aldarri ozena eta koloretsua egin dute Arrasaten

Josu Bilbao Atxutegi 2020ko eka. 28a, 19:31

Elkarretaratze jendetsua egin dute arratsaldean Biteri plazan, eta Yogurinha Borova abeslariaren Sentipenak askatu kantarekin eta dantzarekin eman diote amaiera ekitaldiari, jai giroan. Debagoieneko beste hainbat txokotan ere, presentzia handia izan dute ortzadarraren koloreek gaurko egunean.

Ekainak 28ko Arrasateko taldeak antolatuta, elkarretaratze jendetsua eta koloretsua egin dute Biteri plazan, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta. Aurten, koronabirusaren krisiak eragindako egoera berezia dela, Identitateak (Des)konfinatzen lelopean egin dute elkarretaratze berezia, neurri bereziekin. Hain zuzen ere, horregatik egin dute aurten elkarretaratzea eta ez manifestazioa, antolatzaileek azaldu duten moduan.

Gaurkoan ere, "nahiz eta egoera oraindik berezia izan, aldarrikapenak kalera atera nahi" izan dituzte arrasatearrek. "Identitateak (Des)konfinatzen edota arraro bezain harro leloekin azaldu nahi izan dugu gure identitateak ere sarritan konfinatuak izan direla. Ezkutatu behar izan ditugu, identitate, gorputz disidente guztiak, eta identitateak deskonfinatzeko deiarekin, burutu dugu aurtengo deialdia", azaldu du Ekainak 28 Arrasate taldeko Garazi Bedatsek.

Plaza lepo bete da, eta ekitaldia bukatzeko Yogurinha Borovaren Sentipenak askatu eta Lady Gagaren Bad Romance abestiekin dantzan bukatu dute bertan elkartu direnek.

 

Aretxabaletan ere, ekintza ugari

Aretxabaletan, eguerdian, performancea egin dute herriko plazatik hasita eta Durana kalean zehar. Ekintza Aretxabaletako gazte mugimenduak antolatu du, eta herritarren arreta bereganatu du. "Performance honekin aldarrikatu nahi izan dugu gaur egungo hetero-patriarkatu, hetero-arau, erlijioak eta kapitalak zapaltzen dizkiguten askatasun eta berezko eskubideak", azaldu dute ekintzan parte hartu duten gazteek. Arratsaldean, gainera, marrazki kolektiboa eta elkarretaratzea eta desfilea ere egin dute.

 

Aldarrikapenak bailara osoan

Debagoieneko beste herrietan ere egin dira ekintza ugari astebukaeran zehar. Bergaran Harrotasuna taldeak eta Udalak elkarlanean antolatuta, adibidez, hainbat ekimen egin dituzte, besteak beste LGTBIQ+ mugimenduari lotutako ipuin bat eskegi dute udal webgunean edota Bizipenetatik normaltasunera ekimenean herritarren testigantzak batu dituzte. Oñatin, gainera Antixena parkeko posteak ortzadarraren koloreekin margotu zituzten sare feministako kideek.

Gainera, Bergarako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Udalek, adierazpen instituzionalak onartu zituzten LGTBIQ kolektiboko pertsonen eskubideak aldarrikatzeko eta errespetua eta bizikidetza aniztasunaren ikuspegitik aldarrikatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak