Mimoz, gertutik eta gertukoentzat lanean

Maider Arregi 2020ko eka. 27a, 18:39

Kris Hernandez. Abao

Herriko merkataritza eta ostalaritza babestea du helburu Abao komunikazio agentziak; baita Arteman-ek ere. Hala, herria eta herritarrak protagonista diren spot bana kaleratu dute. Bailarako udalek ere askotariko kanpainak egin dituzte

Geldi eta isilik dagoen herria hilik dagoela azaleratu du pandemiak eta itxialdiak. Zorionez, asko dira horretaz jabetu direnak eta gure herrietako merkatari eta ostalariei babesa erakusteko bideo-kanpainak abian jarri dituztenak. Horren isla dira, besteak beste, AZ Visual Media enpresa, Adox, Abao eta Arteman komunikazio agentziak; eta Arrasate, Aretxabaleta, Bergara eta Oñatiko udalak. Herrian sinistu ez ezik, komunitatearen batasunak duen indarra defendatzen duten eragileak dira.

Komunitatea oinarri

Debagoieneko zein Euskal Herriko merkatarien ahotsa jaso dute arestian aipatutako ekimenek. Haatik, ahotsa herriari zein merkatari eta ostalariei eman zaie sarean jada biral egin diren iragarkietan. Abao eta Arteman agentziek ekoiztu eta babestutako bi ekimenetan parte hartu duten merkatarietako bi dira, esaterako, Oñatiko Kimu lora-dendako Iban Gonzalez eta Aretxabaletako Kiloka dendako Kris Hernandez. "Tokiko merkatariek baino beste inork ez dizu hain gertuko laguntza eta zerbitzua emango", dio Iban Gonzalezek. "Dendak landareak bezala dira: ez baditugu zaintzen, ez dute hazirik emango eta hil egingo dira. Urik gabeko loreak gara orain; lagundu gaitzazu berriz loratzen, herri hau zaindu eta apaintzeko", aitortzen du Kris Hernandezek. Kultura, herriaren hezurdura Musikaren indarraz baliatu dira bai Arteman eta baita Abao ere herriarenganaino iristeko. "#GoraHerrixa bideoklipeko mezua oso zuzena da. Gure euskalkira moldatu dugu Negu Gorriak-en abestia, eta Arrasateko The Potes taldearen mezu positiboa zabaltzea lortu dugu", dio Artemanek. Abaok #zerokilometro filosofiarekin bat egin eta, ildo berean, letra esanguratsuak di-tuen Bergarako Lemak taldearekin elkarlanean jardun du.

'Zero kilometro'

Gertukoari balioa eman dio Goienarekin izandako harremanetik jaio den Abao komunikazio agentziak, itxita dauden saltokien pertsianak irekitzeko asmoz jakin badaki-eta herriak soilik salba dezakeela herria. "Euskaraz, eztiz betetzen den panelari deritzo abao. Eta komertzioak ere jendez betetzeko aldarria dago bideo hauetan. Komunikazio baliabideak erraz-tea dugu xede; zerbitzu afektibo eta efektiboa ematea, alegia. Zerbitzua Euskal Herri zabalean eskaintzen dugu, eta lau esparrutan: ekitaldien antolaketan, bideogintzan, komunikazio estrategian eta diseinuan. Atal horietako batetik sortu da, esaterako, komertzio txikia aintzat hartuta egindako bideoa. Komertzio hauek guztiek dute lo-tura Goiena Komunikazio Taldearekin, eta harreman horretatik sortu du Abaok bideo hau. Hedapena handia izan da eta Euskal Herriko tokiko hedabideetan ikusi da", dio Abaok. 2019an Arrasaten sortu den agentziaren nahia ere bada enpresa, komertzio zein erakundeei laguntzea, beraien komunikazioa eraginkorragoa izan dadin.

Abaoren ekimenak jarraipena du eta laster beste bideo bat zabalduko du, gure herriak bi-zirik jarrai dezan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak