Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek 153 arigune sortu dituzte Euskaraldirako

Uxue Igarza Loiola 2020ko eka. 17a, 16:11

Gaurko bilerako irudia. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Aldundiak barne lanketa abiatu du Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko, eta gaur, diputatu nagusiak Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariekin bilera egin du egoeraren inguruko xehetasunak partekatzeko.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Kike Amonarriz eta Arrate Illaro Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak bilera egin dute gaur Euskaraldiaren bigarren edizioa dela-eta. Foru erakundean, dagoeneko 153 arigune eratu direla jakinarazi dute foru ordezkariek –departamentu guztietako ordezkari eta langileen artean–, eta datozen asteetan gehiago sortuko direla aurreikusi dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenez, otsailetik ari dira ariguneak osatzen eta Euskaraldira begirako barne lanketa antolatzen: "Otsailean diputatuen kontseiluak Euskaraldiko bigarren edizioan parte hartzeko erabakia berretsi ostean, departamentu bakoitzak bere talde motorra edo eragilea osatu du". Adierazi dutenez, langileak eta arduradunak "modu aktiboan parte hartzeko" neurriak lantzen ari dira. Alde batetik, ahobizi eta belarriprest izango diren langileei prestakuntza eskainiko zaie, eta bestetik, Mintzalaguna egitasmoa ere abiatuko dute: "Praktika librea izango da, jarioa handitzeko, trabak arintzeko, ohitura zabaltzeko eta, horrekin batera, mintzamen eta ulermen maila hobetzeko".

Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizek bere aldetik, elkarlana sustatu behar dela iritzi du, eta "erakundeen ahalmena" eta "gizarte eragileen bultzada" uztartzeak eragina biderkatzen duela iritzi du. Bestetik, Foru Aldundiak ariguneak sortzeko izan duen erabakia gainerako erakundeentzat ere "inspiragarria" izan daitekeela esan du Amonarrizek: "Gipuzkoak duen errealitate soziolinguistikoari oso ondo erantzuten dio eta garrantzitsua da lurraldean hainbesteko eragina duen erakunde batek erakutsi duen jarrera aitzindaria. Gipuzkoari badagokio eta erantzukizunetik tiratzen jarraitzeko gonbitea egin nahi diegu erakunde hau osatzen duten lagun guztiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak