Sektore, tamaina eta izaera ezberdinetako erakundeek egin dute bat Euskaraldiarekin

Maialen Regueiro 2020ko eka. 16a, 15:13

Donostian egindako prentsaurrekoa (Irudia: Euskaraldia)

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egitea aurreikusten den Euskaraldiaren bigarren edizioaren prentsaurrekoa egin dute gaur, Donostian eta bertan adierazi dute, dagoeneko milaka direla ariketa sozialerako aktibatzen ari diren ariguneak. Izan ere, sektore, tamaina eta izaera ezberdinetako erakundeek egin dute bat bigarren edizioarekin eta entitateek, irailaren 27ra arte izango dute izena emateko aukera.   

Bigarren edizioa

Prentsaurrekoan adierazi bezala, Euskaraldiaren bigarren edizio honen berrikuntza nagusia ariguneena da, alegia, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Lehen edizioaren ardatza hiztunen arteko harremana izan zen eta horri, talde babestuetan egiten den ariketa gehituko zaio.

Agerraldian gainera, Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde zein entitateei deia egin zaie bigarren edizio honetan parte har dezaten. Horrekin batera, jakinarazi dute, dagoeneko ehunka zentrotan milaka arigune sortu direla.

Gauzak horrela, Donostian egin den prentsaurrekoan dagoeneko ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundeetako ordezkariak zein Euskaraldiaren antolatzaile eta koordinatzaileak izan dira, Leire Okarantza Fagor Taldeko gestio sozialeko arduraduna, esate baterako.

Euskaraldiaren bigarren edizio honi esker gainera, enpresa batzuek aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena emateko aukera izango dute eta beste erakunde batzuek, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortzea eta babesteko aukera izango dute.

Fagor taldea

Leire Okarantza, Fagor Taldeko gestio sozialeko arduradunak hitza hartu du agerraldian eta Fagorren 5.000 langiletatik %80k baino gehiagok euskararen ulermena bermatua duela azpimarratu du eta Euskaraldiaren bigarren ediziorako "ilusioz" daudela ere aitortu du.

Leire Okarantza Fagor Taldeko gestio sozialeko arduraduna (Irudia: Fagor Taldea)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak