Gaur goizean, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du zeintzuk izango diren udalekuak edo haur eta gazteen aisialdirako jardueretarako arauak. Jaurlaritzak azaldu duenez, jardueren arauketa astialdiko erakundeek, foru-aldundiek eta udalen sareek eginiko ekarpenak "egiaztatu eta batu" ostean egin da. Prozesua Osasun Sailak eta Osasun Ministerioak ezarritako jarraibideen arabera egin dela ere azaldu du.
Arauei dagokienez, alde batetik, eguneko udalekuetan nahiz gauak igarotzeko udalekuetan, –aire zabalean, espazio itxietan eta jantokietan– parte-hartzaile kopurua, %60ra murriztuko da. Hala ere, aire zabaleko jardueretan gehienez 200 parte-hartzaile egon ahalko dira, eta, espazio itxietan, 80 –bi kasuetan, monitoreak barne–.
Kontuan hartu beharko da gainera, jarduerak garatu bitartean, parte-hartzaileak gehienez hamabost pertsonako taldeetan egon beharko direla, eta kirol- edo arte-jarduerak kontakturik gabe eta publikorik gabe egin behar direla.
Bestetik, jantokietan, jankideen artean 2 metroko distantzia egon beharko da, eta txandak ezarri beharko dira –edo manparak jarri–. Jantoki irekien kasuan berriz, 1,5 metroko distantzia ezarriko da, eta pertsona bakoitzak bere plateretik jan beharko du.
Gaua emateari dagokionez, litera erabiltzen bada, pertsona bakarrak egingo du bertan lo. Gutxienez 2 metroko distantzia gordeko da ohe okupatuen artean, edo barrera-neurriak jarriko dira. Kanpadenden kasuan, denda bakoitzeko pertsona bakarrak baino ezingo du bertan lo egin. Halere, parte-hartzaileak bizikideak badira, denda bera erabili ahalko dute.
Bestetik, sailburuak esan du hemendik aurrera, udalen, aldundien eta astialdiko erakundeen esku dagoela jardueren antolaketa, eta nabarmendu du monitoreek prestakuntza "berezia eta eguneratua" jaso beharko dutela COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan. Horretarako, Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak online prestakuntza-ikastaroa antolatu du. Izena emateko epea gaur irekiko da, eta Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez bideratuko da. Halere, aisialdiko eragileen esku ere egon daiteke beren prestakuntza-ekimenak garatzea.