Konfinamenduan sortutako asmoa dela adierazi du Mondragon Unibertsitateak, eta pandemia eragiten ari den krisi ekonomiko eta sozialari erantzuteko "proposamena" dela azaldu dute: "Elkar-lankidetzarako guneak sortzea da asmoa, enplegu duinerako aukerak eskaini ahal izateko eta mundu mailan langabeziari aurre egiteko, bereziki pandemiak gehien kaltetutako lekuetan".
Horretarako, New Yorkeko The New School unibertsitateko Ekonomia Digital Kooperatiboko Institutuak, Mondragon Team Academyk eta MONDRAGON Korporazioak hitzarmena sinatu dute, kooperatibismo digitala mundu mailan sustatzeko eta plataforma digitalen bidez kooperatiben ekintzailetza bultzatzeko asmoz. Esan dutenez, ekainaren 1ean abiatu zuten online ekintzailetza-programa eta 46 herrialdetako 400 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Uztailaren 24an bukatuko da, baina beste 1000 bat lagunek interesa dutela-eta, sustatzaileak bigarren edizioa egiteko aukera aztertzen ari dira: "Ikastaroa langabeei eta batez ere zerbitzuen sektorean lan bila dabiltzan pertsonei zuzenduta dago, eta, era berean, nazioarteko komunitateko mota guztietako ekintzaileei".
Plataforma-kooperatibak, kooperatibismoaren bertsio eguneratuak
Plataforma-kooperatibei buruzko ekintzailetza-ikastaroan hainbat gai lantzen direla azaldu dute sortzaileek, besteak beste, lan elkartuko kooperatiben balioak eta ezaugarriak aztertzea eta horiek garatzeko ekintza-planak lantzea. Funtsean, plataforma-kooperatibak kooperatibismoaren "balio berak" dituztela gehitu dute, baina ideia "eguneratu" dutela: "Plataforma-kooperatibismoak jabekidetasunaren eta gobernantza demokratikoaren printzipio kooperatiboek bereizten dituzte antzeko beste plataformetatik (ebay, airbnb, itunes, facebook)". Gehitu dutenez, gutxi edo gaizki ordaindutako lanen eta ekonomia kolaboratiboko plataformen areagotzeari "aurre egiteko" sortu dira.