Aste honetan berreskuratu dituzten zerbitzu eta jardueretan izandako esperientzia batzuk batu ditu GOIENAk erreportaje honetan.
ADINEKOEN EGOITZAK
ROSARIO GARITANO, ASTE HONETAN SENARRA BISITATU DUEN BERGARARRA: "EGUNERO EGIN DUGU BERBA TELEFONOZ; BANEUKAN GOGOA BERAREKIN EGOTEKO"
Ia hiru hilabeteren ostean, bisitak jasotzen hasi dira Debagoieneko adinekoen egoitzak; segurtasun neurri zorrotzekin, betiere. Hala, egoiliar bakoitzeko senide bakarrak egin ditzake bisitak, astean behin, ordu erdiz, musukoa jantzita eta segurtasun distantzia mantenduta, kontaktu fisiko barik. Ekainaren 22tik aurrera, halere, bi senidek bisitatu ahalko dute egoiliarra, baina bietako bat aurretik bisita egin duena izan beharko da.
Rosario Garitano bergararrak Fernando Azkarate senarra bisitatu du asteon, Mizpirualdeko egoiliarra. "Baneukan gogoa, hainbeste denboraren ostean, senarrarekin aurrez aurre egoteko. Ia hiru hilabete ziren elkar ikusten ez genuela. Gainera, oso ondo eta lasai aurkitu dut. Esan dit aspertu egin dela egun hauetan. Uste dut desiratzen zegoela nire bisita jasotzeko, eta ni ere bai, noski. Berarekin egoteko desiratzen nengoen".
Onartu du ez dela hain arraroa izan distantziak mantendu behar izatea. "Elkarrengandik urruti geunden eta ez zidan ondo entzuten, baina komunikatu ahal izan gara. Egoitzan sartu naizenean, eskuekin musu batzuk bidali dizkiogu elkarri, distantziara, eta eskua eman gura izan dit. Hala ere, esan diot ezin dugula elkar ukitu. Baina konforme geratu gara biok".
Senarra faltan igarri duela aitortu du."Egunero egin dugu telefonoz berba, eguerdietan. Horrez gain, astean behin, bideo-deiak egin ditugu eta elkar ikusteko aukera izan dugu. Apur bat gogorra izan da hau, baina mundu guztia endredatuta egon da, eta zer egingo diogu, ba?".
KIROLDEGIEN IREKIERA
OIHANE SARASKETA, IBARRA KIROLDEGIKO MONITOREA: "ERABILTZAILEAK OSO MOTIBATUTA ETORRI DIRA, GOGOTSU ZEUDEN ITZULTZEKO"
Aste honetan ateak ireki dituen Debagoieneko kiroldegi bakarra Aretxabaletakoa izan da; jarduera jakin batzuetarako bakarrik, hori bai. "Hasieran, urduritasun handiak zeuden, bai erabiltzaileen partetik, eta baita gure partetik ere. Hala ere, aste hau nola joan den ikusita, balorazioa positiboa da. Erabiltzaileek gogoa zeukaten klaseetara bueltatzeko, eta oso motibatuta etorri dira, segurtasun neurrietara inongo arazo barik egokituz. Hasieran, galdetu egiten digute nola jokatu behar duten, baina gero, ondo errespetatzen dituzte neurriak. Gainera, poztu egin dira guztia txukun eta ondo prestatuta daukagula ikusita", azaldu du Oihane Sarasketa monitoreak.
Hilaren 15ean, beste jarduera batzuk berreskuratuko dituzte; igerilekuak, fitness aretoa edota rokodromoa, esaterako. Txanda bidez funtzionatuko dute eta pazientzia eskatu diete erabiltzaileei. Informazio zehatzagoa hemen.
TABERNAKO BARRAK, ERABILGARRI
LUIS MARI FERNANDEZ, OÑATIKO AKER TABERNAKO ZERBITZARIA: "DESIRATZEN ZEUDEN BARRAN JESARRI, LASAI ESKATU ETA BERTAN KONTSUMITZEKO"
Ireki zutenetik jende asko ibili dela dio Oñatiko Aker tabernako zerbitzari Luis Mari Fernandez Pou-k. "Eguraldi ona izan genuen hasieran, eta terrazak lepo beteta eduki ditugu. Guretzako, lan bikoitza izan da, eta errelebo bakoitzean bi langile egon behar izan dugu, gutxienez. Baina bezero asko etortzeaz gain, kontsumitu ere asko egin dute, eta hori ona da guretzat, irekitzea merezi izan duelako".
Neurriei dagokienez, tabernako ohiko garbiketaz gain, komunean gelak eta desinfektatzailea daukate. "Hala ere, ahal dugunetan, guk ere garbitu eta desinfektatu egiten dugu. Lana da, baina beharrezkoa. Berez, beti egin beharreko gauza bat da, baina, oro har, ez zen egiten. Orain, askoz ere gehiago zaintzen dugu hori. Esan beharra dago, bezeroek ere asko erabiltzen dituztela gelak eta desinfektatzaileak, ondo ari dira. Kontrolatutako nahasmena moduan da. Badirudi jende asko dagoela, eta badago, baina esango nuke nahiko kontrolatzen dela".
Aste honetan, barra irekita, beste aurrerapauso bat izan dela dio. "Jendea desiratzen zegoen barran jesarri, tragoa lasai eskatu eta bertan kontsumitzeko. Guretzako ere aldea nabaria da. Orain arte kanpora begira egon behar izan dugu une oro, ea terrazako bezeroek zerbait gura zuten edo, sartu gura bazuten, ea posible zen. Jende askok kanpoan geratu behar izan du, eta hori ere ez zaigu gustatzen". Halaber, dio okerrena maskara erabili beharra dela.
Asteburu honetan, corpusak izanda, lan asko edukiko dutela aurreikusten du. "Ofizialki, ez da jairik egongo, baina jendea kalera irtengo da, eta, giro ona eginez gero, lan asko egin beharko dugu. Zaila izango da hori guztia kontrolatzea".
AUTOESKOLAK ERE, MARTXAN
BITTOR ZUBIAGIRRE, PEÑAKOBA AUTOESKOLAKO IKASLEA: "MUSUKOAREKIN GIDATU IZAN DUT HASIERATIK; ERRAZ EGOKITU NAIZ"
Bigarren fasea hastearekin batera hasi ziren apurka martxan Peñakoba autoeskolan. "Zikloka funtzionatzen dugu, eta azterketak hamabost egunetik behin ditugu. Orain, berriz hasi da zikloa hasieratik, jende berriarekin. Beraz, nahasmen apur bat da", azaldu du Iban Peñakobak, autoeskolako irakasleak.
Bittor Zubiagirre oñatiarra aurreko astean hasi zen klaseak jasotzen. "Autora sartu aurretik eskuak garbitzen ditut, eta gero, normaltasun osoz gidatzen dugu; biok musukoa jarrita, hori bai. Lehengo era ez nuen ezagutu, nik hasieratik gidatu izan dut musukoarekin. Beraz, erraz egokitu naiz, arazo barik", dio Zubiagirrek. "Haiendako ordubeteko kontua denez, ez da horrenbesterako. Guk ordu gehiago eman behar izaten ditugu maskara jarrita, eta azalpenak ondo ematekorakoan, deserosoa da batzuetan", gaineratu du Peñakobak.
Ikasle batetik bestera autoa desinfektatzen dute. "Bolantea, palanka eta beste hainbat gauza forratuta ditugu, beldur barik garbitzeko. Azterketak egiteko ere, gehienez hiru pertsonak egon behar dute autoan. Ikaslea, irakaslea eta aztertzailea", nabarmendu du Peñakobak.
SELEKTIBITATEA ATE JOKA
MALEN OSA, SELEKTIBITATEA PRESTATZEN ARI DEN OÑATIARRA: "ONLINE USTE BAINO HOBETO MOLDATU ARREN, NAHIAGO DUT AURREZ AURRE"
Uztailaren 6an, 7an eta 8an egingo dute selektibitatea, eta proba hilabete atzeratu izana ez zaio askorik gustatu oñatiarrari. "Gazteak gara, eta udako hilabete bat kendu digute, baina nota ona behar dutenentzat aproposa izango da, agian, ikasteko denbora gehiago dutelako. Ikuspegi ezberdinak ditugu, baina niretzako ez da batere positiboa izan. Gainera, ikasturtea oso luze egiten da horrela, eta apur bat erreta gaude, nekatuta eta bukatzeko gogoarekin", nabarmendu du.
Aste honetan hasi dira proba prestatzeko klase presentzial batzuk jasotzen, hainbat neurri hartuta. "Ate konkretu batetik sartu behar gara, derrigorrez maskara jantzita, eta distantziak mantenduz. Atean xaboia dago, eskuak garbitzeko, eta pasilloan ere zinta batekin markatuta nondik joan eta nondik bueltatu klasera. Behin gelara sartuta, mahaiek segurtasun distantzia mantentzen dute".
Klase batzuk, ordea, modu telematikoan ematen jarraituko dute. "Hezkuntzan, kontaktu fisikoa oso inportantea da. Online izanda, elkar ulertzea zaildu egiten da askotan. Hala ere, hasieran espero genuena baino hobeto moldatu gara", dio Osak. Aukeran, ordea, nahiago ditu klase presentzialak. "Etxean kontzentratzea zailagoa da. Klasean, aurrez aurre, komunikazioa errazagoa da, dudak askoz errazago argitzen dira".
Bere burua ondo ikusten du selektibitateari begira. "Online edo presentzialki izan, bakoitzaren ahalegina da inportantea; modu telematikoan zailtasun batzuk egon arren, ikasle bakoitzaren esku dago".
HAUR ESKOLAK
ELENA GUIJARRO, ARRASATEKO MUSAKOLA HAUR ESKOLAKO KOORDINATZAILEA: "ORAINDIK EZ DAKIGU ZEHAZKI ZE NEURRI HARTU BEHARKO DITUGUN IREKITZEAN"
Haur eskola pribatuek asteon ireki dituzte ateak, baina publikoek, Partzuergoaren baitan daudenek, hilaren 22an hasiko dute jarduna, eta uztailaren 20ra arte egongo dira zabalik. "Partzuergotik segurtasun materiala bidali digute, eta harrera plan bat planteatzen ari gara, nola antolatu beharko garen jakiteko, oraindik ez dakigulako zehazki ze neurri hartu beharko ditugun. Hala ere, 0 eta 2 urte arteko umeekin segurtasun distantzia mantentzea ezinezkoa da", adierazi du Arrasateko Musakola haur eskolako koordinatzaile Elena Guijarrok. Orain arte, ordea, eskakizun handirik ez dutela jaso dio. "Gurasoei galdetegi bat egin diegu, eta gehienek erantzun digute ez dutela beharrik, txipa aldatuta dutelako dagoeneko eta irailera arte ez direlako itzuliko. Gainera, haurrak hona ekartzeko baldintzetako bat da bi gurasoek lanean egon behar dutela".
Datorren urtera begira, matrikulazioa irekita daukatela jakinarazi du koordinatzaileak. "Oraingoz, bi izen-emate bakarrik ditugu". Informazio gehiagorako, 943 79 13 03 telefonora deitu.