Ekainaren 8tik daude abian kirol jarduerak, eta aste hasierarako 179 lagunek emana zuten izena; horregatik, "pozik" agertu da Asier Mujika, Kirol teknikaria: "Gure asmoa izan da zerbitzua ematen hastea modu ahalik eta seguruenean, eta gero, zerbitzu hori hazten eta hobetzen joatea".
Hainbat neurri hartu dituzte segurtasuna bermatze aldera; distantziak eta garbitasuna zaintzea, besteak beste. "Protokoloaren berri ematen diegu datozen guztiei; spinning saio baten aurretik, adibidez, norberaren bizikleta garbitu beharra dago. Egunaren bukaeran, bapore bidezko desinfekzio bereziak egiten ditugu guk", azaldu du.
Ekainaren 22tik ordutegi zabalagoa
Ekainaren 22tik aurrera eta uztail osoan goizez eta arratsaldez zabalduko dute kiroldegia. Astelehenetik egubakoitzera: 08:00-14:00 eta 16:00-21:00; zapatuetan: 10:00-14:00 eta 16:00-20:00.
Hona hemen txandak:
Edukierei dagokienez, fitness aretoak gehienez 25 erabiltzaile har ditzake aldi berean. Igerilekuan goizean 25 lagun egon ahal izango dira eta arratsaldean, 35. Rokodromoan zortzi lagunentzako tokia egongo da.
Prezio bereziak
Instalazioak erabiltzen ez dituzten abonatuei irailera arte ez diete kuotarik kobratuko eta gainerakoei, 16,86 euro hilean –umeei, 9 euro–. Kirol jarduerak, ostera, debalde dira. Udaletik aditzera eman dute ahalegina egin dutela kiroldegira itzultzera errazteko herritarrei eta "normaltasun berri" honetan kirola egiten hasteko.