ALBISTEAK

Maddalen Iriarte: "Gu ere txalo egitera ateratzen ginen balkoira. Txaloak amaitu dira, erabaki politikoen unea da orain"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 31a, 13:18

EH Bilduko Maddalen Iriarte, Mikel Otero eta Jasone Agirre Oñatin izan dira gaur. Uztailaren 12ko hauteskundeetara begira jarri eta aurre-kanpainako ekitaldia egin dute. Burujabetza aldarrikatu du: "Ezkerreko eskuz eta burujabetzatik eraiki behar dugu herri hau".

Maddalen Iriartek, Mikel Oterok eta Jasone Agirrek 12:00etan egin dute agerraldian Oñatiko Foruen Plazan. COVID-19aren eraginez hil, kutsatu, lana galdu edo egunerokoan moldatu ezinda dabiltzanak izan dituzte lehenengo eta behin gogoan.

Iriartek hiru krisi aipatu ditu: osasunarena, ekonomikoa eta psiko-soziala. "Beldurra sartu zaigu: kutsatua izateari eta kutsatzeari, lana galtzeari, erakunde publikoetatik gure ongizatearen aurkako neurriak hartzen jarraitzeari, ezagutzen genuen mundua desagertzeari, genituen erreferentzia sozialak erortzeari... eta hau guztia, nahiz eta jakin mundu hori ez zela justuena eta batzuek bazterrean uzten zituela".

Uztailaren 12an egitekoak diren hauteskundeetara begira dago EH Bildu: "Herri bezala aritzeko unea da. Horregatik diogu ezkerreko eskuz eta burujabetzatik eraiki behar dugula herri hau. Krisi honek hori ere argi utzi baitu, krisiei erantzuteko Estatu bat izatea ezinbestekoa dela. Eta testuinguru honetan, uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira. Gauza bat esango dizuet, baldintzak direnak izanda ere: prest gaude".

Zer eta nola

Herritarren bizimodua hobetzeko neurri zehatzak aurkeztuko dituztela esan du Iriartek Oñatiko agerraldian. "Alde batetik, epe laburrera begiratu behar dugu. Zerbitzu publikoaren berrazterketa egin beharra dago, krisi ezberdinetan bizitzea egokituko zaigulako datozen urtetan eta ezin dugu irabazi ekonomikoaren eta gutxi batzuen interesak defendatzen dituzten patronalen presiopean politika egiten jarraitu, eta bestetik, ezin dugu, adinekoen zentroetan gertatu denaren azterketa zorrotza egin gabe utzi. Gure gurasoei eta aiton-amonei merezi duten arreta, berme guztiekin, eskaini behar zaielako. Bestetik, epe luzeko begirada. Etorkizun bat eskaini behar diegu gazteei. Gure seme-alabek biziko duten hirugarren krisia da. Asko prekarietatean, etxebizitzarako aukerarik gabe aurkitzen dira. Erakunde publikoak etorkizuna eskaintzeko eta bermatzeko obligazioa dute eta ez dira kontratu sozial hori betetzen ari".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak