Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman dizkio Mondragon Taldeari hilabeteotan egindako lanagatik eta izandako jarrerarengatik

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko mai. 29a, 15:41

Lehendakariak eta Arantza Tapia ekonomia sailburuak Mondragon Taldeko ordezkarien industria kontseiluan parte hartu dute gaur gonbidatu gisa. Aretxabaletako Otalora jauregian egindako goiz osoko saioan lehen eskutik jaso dute kooperatiba taldeak bizi duen egoera. Jardueraren herena oraindik ere geldirik dagoela esan du taldeko presidente Iñigo Uzinek.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia ekonomia sailburua Aretxabaletako Otalora jauregian izan dira gaur. Hain zuzen ere, Mondragon Taldeko ordezkarien industria kontseiluaren bileran hartu dute parte. Hamabost lagun elkartu dira.

Batzarraren ostean krisi egoera berri honetan orain arte egindakoak eskertu eta elkarlanerako deia egin du lehendakariak, berretsiz Eusko Jaurlaritzak COVID-19arekin lotuta ireki dituen diru-lerro guztiak zabalik daudela baita ere Mondragon Taldearentzat.

Koronabirusagatik hildako pertsona guztiak gogoratzeko izan dira lehendakariaren lehen hitzak batzarraren ostean egindako adierazpenetan. Ondoren, krisi egoera honetan zein aurrekoetan Mondragon Taldeak erakutsitako konpromisoa azpimarratu du. Eskerrak eman dizkio kooperatiba taldeari nabarmenduz bai bazkideek erakutsitako konpromisoa bai kooperatiba taldeak jarduera berrantolatzeko izan duen gaitasuna. 

"Gaur, Mondragon Korporazioak hilabete hauetan egindako lana eskertzeko eta etorkizunari aurre egiteko duen jarrera aitortzeko eguna da. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet COVID-19ren krisialdi honen une zailenetan eman diguzuen laguntzagatik. Ezagutza, malgutasuna eta erantzunak eskaintzeko gaitasuna erakutsi duzue. Krisiari aurre egiteko zuen nazioarteko merkatuen ezagutza edo ekoizpen gaitasuna erakutsi duzue. Zentzu honetan, ATEGI balio handiko aliatua izan da Eusko Jaurlaritzarentzat eta euskal industria osoarentzat. Hamasei kluster industrialen beharrei erantzun diozue eta hori ere auzolana da", esan du lehendakariak.

Etorkizuna, kezka nagusia

Mondragon Taldeko presidente Iñigo Uzinek esan du etorkizuna dela orain kezka nagusia. Egoera finantzarioa "sendoa" dela adierazi du, baina oraindik ere aktibitatearen zati batek geldi jarraitzen duela, herenak hain zuzen ere. "Ikusi beharko da etorkizunean egoera nola mugitzen den. Krisi hau ez da gurea bakarrik, globala da eta hori da arazoa. Nazio guztiak mugitzen hasiko dira eta bakoitza bere irteerak bilatzen. Horrek ingurune konpetitiboa aldatu egingo du, dudarik gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak