Haurrak eta nerabeak udaldiaren zain daude; inoiz baino gehiago behar baitute elkarrekin egon, jolas egin eta ikastea. Baina gazteez gain, gurasoak ere, uda sasoira begira daude; izan ere, lan presentzialera itzultzeak kontziliazio arazoak sortzen ditu bailarako familietan. Gainera, pandemia-sasoi honetan haurrak aiton-amonekin uztea ez da hauturik gomendagarriena. Gauzak horrela, udalekuen eta aisialdirako alternatiben berri ematen hasi dira bailarako udalak eta elkarteak. Dena den, irtenbide irmorik hartu gabe jarraitzen dute gehienek, hurrengo egunetan alternatibak fintzeko eta adosteko helburuarekin.