Orain arteko udalekuak ez dira posible izango aurten; baina, zer egin?

Eneko Azurmendi 2020ko mai. 22a, 09:41

Eskoriatzako udalekuetako haur eta begiraleak, iaz, plazan.

Zalantza handiak eragiten ari da udalekuen gaia, eta, ohiko udalekuak egitea posible izango ez dela ikusita, alternatiba ezberdinak bilatzen ari dira antolatzaileak. Eudelek, esaterako, udalekuak bertan behera uzteko gomendioa egin die EAEko udal guztiei.

Egingo al dituzte aurtengo udalekuak? Egiten badituzte, ze baldintzatan? Ze prebentzio neurri hartu beharko dituzte osasuna eta segurtasuna bermatzeko? Erantzun asko airean daude oraindik, nahiz eta batzuek dagoeneko hartu duten erabakia.

Debagoieneko herrietako udaleku irekiei dagokienez, Antzuolan oraindik ez dute erabakirik hartu. Badaezpada izen-ematea eginda daukaten arren, Udalak eta Idolaz taldeak maiatzaren 27an egingo dute udalekuekin zer egin erabakitzeko bilera, online, eta herritarrek ere parte hartu ahal izango dute.

Aramaion eta Aretxabaletan, bestalde, alternatiba posibleak aztertzen ari dira, arlo ezberdinak lantzen, baina, printzipioz, ez dute horren gaineko erabakirik hartu.

Arrasaten ere ildo beretik doaz gauzak. Txatxilipurdiko kideak elkartzen ari dira egunotan, baina, oraingoz, ez dute ezer erabaki. Halere, adierazi dutenez, datorren astean hartuko dute erabakia, eta elkartetik emango dute horren berri.

Bergaran, udaleku irekietan eta kirol campusean izena emateko aukera zabalik dago maiatzaren 24ra arte –domeka–. Baina oraindik ez dute ezer erabaki. Izena eman duten familiei ekainaren 5erako jakinaraziko die Udalak hartutako erabakia. "Ikusiko dugu datorren astean goragoko administrazioek zerbait erabakitzen duten, bigarren fasera pasatzearekin ere lotuta egongo da. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara, baina, momentuz, ez daukagu ezer finkorik mahai gainean", adierazi du Nagore Narbaizak, Bergarako Udaleko Gazteria, Hezkuntza eta Partaidetza teknikariak.

Hori bai, Jardunek antolatzen dituen udaleku itxiak bertan behera geratu dira dagoeneko.

Berme guztiekin bakarrik

Elgetan garbi daukate ez dituztela orain arte moduan egingo. "Normalean, 90 ume inguru elkartzen dira, eta hori baztertuta daukagu dagoeneko. Beste aukera batzuk aztertzen ari gara, baina garbi daukagu segurtasuna eta osasuna bermatu beharra daukagula guztiaren gainetik", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Era berean, espero dugu Osakidetzatik edo Eusko Jaurlaritzatik irizpide formal bat etorriko dela udalekuekin zer egin eta nola jokatu adieraziko duena. Herri txikiak ezin gara erabaki horiek hartzen ibili irizpide barik, ardura handia da", azpimarratu du.

Eskoriatzan, B plan bat diseinatu dute, badaezpada, hamar laguneko taldeetan, ordu gutxiagorekin, eta abar. Halere, zalantza handiak dituzte oraindik, eta gaur, egubakoitza, dira erabakitzekoak izen-ematea zabaldu edo ez, bilera batean.

Leintz Gatzagan ere, elkartzen ari diren arren, oraindik apur bat gehiago itxoitea erabaki dute, eta, egoeraren eboluzioaren arabera, erabakia hartuko dute aurrerago.

Zaintza zerbitzurako deialdia

Oñatiko Udalak hartu du erabakia. Ez dute egingo, orain arte moduan ez, behintzat, ez udaleku irekirik, ez arte udalekurik ezta kiroleko uda kanpainarik. Hala ere, Udala ari da horren alternatiba lantzen.

Begiraleendako izen ematea zabalik dago; maiatzaren 26a izango da azken eguna, udaletxean, baina aurrez izena eman beharko da, telefonoz, 010 doako lineara deituta, oñatiarrentzat, edo 943 78 04 11 telefonora deituta, Oñatitik kanpokoentzat. Haz@onati.eus helbidera idatzita ere aukera dago horretarako.

Aldundiarenak, bertan behera

Aurtengo udalekuak egin ahal izateko "nahikoa segurtasun eta osasun berme" ez dagoela adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta bertan behera utzi ditu. Arabako eta Bizkaiko diputazioekin batera hartutako erabakia izan da, berme guztiekin egin ahal izatea ezinezkotzat jo dutelako. Horrez gain, azaldu dute udalekuen helburuetako bat ezin izango litzatekeela gauzatu, haurrek behar bezala elkarbizitzen eta sozializatzen ikastea, hain zuzen ere.

Zerbitzua eskaintzeko asmoz

Ikastolen Elkarteak, oraingoz, udaleku irekiak eskaintzeko asmoa erakutsi du, nahiz eta ziurtasunik ez izan eskaini ahal izango duten. "Udaleku hauek gure sareko ikastoletan antolatzeko aukera emango dugu, ikastolak hala nahi duen kasuetan. Orain aukera hau baloratzen ari dira, eta eskaintza zabaltzea erabakitzen duen ikastolak berak kudeatuko du izen-ematea", azaldu du Idurre Maortuak, elkarteko kideak. Udaleku itxiak ez dituzte egingo.

Programa egokitu dutela dio Maortuak, ikastoletako espazioek eta umeen konfinamendu osteko beharrak aintzat hartuz.

Gaineratu du "zinez" uste dutela haurrek udalekuen beharra izango dutela "itxialdi luzearen" ondoren, "lagunekin egoteko, gorputzak mugitzeko, naturarekin harremanetan jartzeko eta batez ere, euskaraz aritzeko". Euskara etxean erabiltzeko aukerarik ez duten umeentzat aukera on bat izango dela dio. Informazio zehatzagoa www. aisialdia.eus atarian dago.

Euskal Udalekuen bilera, gaur

Euskal Udalekuei dagokienez, izen-ematea eginda daukate, baina gaur, egubakoitza, bilera batean dira erabakia hartzekoak. Bertsozale Elkartearen udalekuak, azkenik, bertan behera utzi dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak