Aurten ez da ez udaleku irekirik, ez arte udalekurik ezta kiroleko uda kanpainarik egingo Oñatin. Hiru zerbitzu horiek "betiko modukoak" ez izatea erabaki du Udalak, baina ari da horren alternatiba lantzen.
"Uste dugu kontziliazioagatik zein gurasoek edo umeek izan dezaketen beharrengatik, arreta edo zaintza moduko zerbitzu bat eman behar dugula, eta hori ari gara lantzen; egoerara eta beharretara egokitutako zerbitzua izango da, osasun adituek eskatutako segurtasun neurriak betetzea lortzen badugu", azaldu du haur eta gazteria zinegotziak, Iker Oñatek. Lanketa hori duela aste batzuk hasi ziren egiten eta badoa itxura hartzen, zein baldintza izan behar dituen oraindik ez badakite ere: "Oraindik ez da dekreturik argitaratu esaten orain artekoak bertan behera gelditzen direla ezta nolakoak izan behar duten gero antolatuko direnak ere. Ez dakigu ziur zein izango dan adin muga, zenbateko taldeak egin ahal izango diren, zenbat txanda eskainiko diren, zer ordutegi izan ahal duten, ze iraupen, noiztik nora...", dio Oñatek.
Izen emateak
Zerbitzu hori eskaini ahal izateko, dagoeneko begiraleak hartzeko deialdia egin du Udalak. Umeei dagokionez, oraindik ez dute izen ematea zabaldu, zer nolako eskaerak bete behar dituzten jakin behar dute-eta lehenago. Betiko udal udalekuetara (irekiak, arte udalekuak eta kirol kanpaina) 600 umetik gora apuntatu dira. Horiek aukera izango dute zerbitzu berrirako ere izena emateko (egonez gero) edo ez, eta ordaindu duten dirua kobratu.