ALBISTEAK

Ziklismo egutegiari berriro ekiteko zalantza handiekin

Xabier Urtzelai 2020ko mai. 22a, 16:29

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Ziklismo Federazioak amateur mailako egutegia berriro hastea adostu dute. 'DV'-k eman du horren berri astean, eta web digitalek jaso dute; ibarreko antolatzaileek zalantza handiekin hartu dute albistea.

Martxoan, koronabirusaren gaitzak hankaz gora jarri zuen nazioarteko txirrindularitza egutegia, eta, gertuago, baita amateur mailakoa ere. Hala, astean DV-k argitaratu du Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioa ados jarri direla. Hain zuzen, pandemia egoerak baimentzen badu, ziklismo egutegiari ekain amaieran berriro ekingo diotela. Hala, horrek bete-betean eragingo luke emakumezkoen San Martzialgo Igoeran (ekainak 26), Antzuola Sarian (uztailak 12), Dorletako Ama Sarian (uztailak 19), Leintz Bailarari Itzulian (abuztuak 12) eta Oñati Sarian (irailak 19) ere. Lasterketa horietako antolatzaileekin izan da GOIENA.

Lokatza Ziklismo taldea, Gorlako Igoera irailean antolatzeko aukerak aztertzen dabiltza

Lokatzako presidende Jon Unamunok sorpresaz hartu du albistea. Berez, klubeko hitzordu maitatuena, Gorlako Igoera, bertan behera utzi behar izan zuten martxoan, eta hilabete hauetarako zituzten lasterketak antolatzea ere burutik kenduta zeukaten, San Martzialgo Igoera tartean: "Ez dakit, ba; UCIk uztailera arte lasterketak bertan behera uzteko agindua eman zuen, eta gure lasterketetan UCIko arautegia betetzen dugu. Berez, oraindik alarma egoeran gaude eta zail egiten zait pentsatzea horren goiz lasterketak itzuliko direnik. Gipuzkoako Federazioarekin hartu-emanetan geunden egoerak hobera egiten bazuen irailaren 26an Gorlako Igoera antolatzeko, baina... Joango gara ikusten".

Antzuolako Peña Ayastui, Antzuola sariak hauteskunde egunarekin egingo luke bat

Lehendakari Txapelketa barruan antolatzen du Peña Ayastuik Antzuola Saria, eta bestela ere nahikoa zailtasun izango ez, eta aurtengo edizioak hauteskundeekin –uztailak 12– egingo luke bat: "Lasterketa egitea erabakitzen badugu ere horrek ez ditu gauzak erraztuko. Eta, gainera, ez dakigu uztailean ze segurtasun protokolo izango ditugun", dio Joseba Lezetak. Antzuolarrak, baina, garbi du lehenengo egin beharko dutena Udalarekin berba egitea dela: "Antzuola Saria herriko jaien bueltan egiten den lasterketa da, eta jaiak bertan behera uzteko erabakia hartzen bada ez dakit zenbaterainoko zentzua daukan lasterketa bera egiteak. Gauza asko izan behar dira hemen kontutan, eta beste arazo bat egon daiteke lasterketako babesleekin, egoera zailean gaude denok".

Dorletako Ama, Gatzagan zuhurtzia handiz hartu dute albistea

Gatzagako lasterketako antolatzaileek berria irakurtzearekin batera Euskadiko Federazioko ordezkariekin hartu-emanetan jartzeko ahalegina egin dute Dorletako Amako lagunek, baina ez dute erantzunik jaso – GOIENAk ere ez–. Hala, zuhurtziaz hartu dute aste barruko albistea. "Guk zalantza handiak izango genituzke eta talde barruan ez dugu gaia sakonean landu", dio Joxerra Agirreurretak. "Egia da ziklistak lasterketa gosez daudela, eta lasterketak errekuperatzen baditugu gurea lehenengotakoa izango litzatekeela, eta tropel handia etorriko litzatekeela. Baina ze baldintzatan? Publiko barik egin beharko genuke lasterketa? Antolatzaileok ibili behar dugu herrian jendearen artean distantzia zaintzen? Nik zalantza handiak ditut eta ez dakigu uztailean zein egoeratan egongo den pandemia, baina ez dut batere garbi ikusten".

Horrekin batera, halako lasterketa bat antolatzeak ekonomikoki esfortzua eskatzen dio Leintz Gatzaga moduko herri bati: "Lasterketa egiteko dirua behar da, eta diru hori gastatzekotan izan dadila berme guztiarekin. Kluba ekonomikoki egoera onean dago, eta oso ziklismozaleak gara, baina ez dugu lasterketa edozein modutan antolatu gura. Gainera, garbi dugu orain arte izan ditugun babesleen egoera zein den, eta ez gara dirua eskatzera joango. Lasterketa handiak antolatzeko babesleen partetik taldeek presio handiak dituzte, baina guk ez; horrenbestez...".

UDAko ziklismo saila: Baimena ematen badute lasterketa antolatuko zuketen 

Aretxabaletako Andramaixen barruan antolatzen du UDAko txirrindularitza sailak Debagoienari Itzulia lasterketa. Abuztuaren 12rako antolatuko lukete lasterketa, eta orain momentuan ez dago aurreratzerik abuztuan ze egoeratan egongo den dena. "Egia da duela hiru aste pentsaezina zela lasterketa antolatzeaz berba egiten ibiltzea, baina astez aste egoera asko aldatzen dabil eta, poliki bada ere, bagoaz normaltasuna errekuperatzen. Horrenbestez, ezin dugu iragarri abuztuan zelan egongo garen", dio Gorka Etxabek.

Beste herri batzuetan moduan, Aretxabaletako lasterketa ere Andramaixetako jaietara oso lotuta dago: "Eta jaiek eurek ere baldintzatuko dute, seguruenik, egin dezakegun hori. Gure artean berba egin behar dugu oraindik, baina, egoerak baimentzen badu, behintzat, lasterketa antolatzearen aldekoak gara".

Aloña Mendi ziklismo taldea: lasterketa antolatzeko gertu daude, baina zailtasun handiak ikusten dituzte

Oñatiarrek ere izan dute albistearen berri, eta eurek ere harriduraz hartu dute, orain momentuan errealitate horretatik urrun gaudela uste dute eta: "Oñati saria irailean antolatzen dugu, eta ordurako gauzak dezente aldatu daitezke, baina orain momentuan zailtasun handiak ikusten ditugu lasterketa antolatu ahal izateko", dio Ruper Arkauzek. Txirrindularitza gogoz daude oñatiarrak; izan ere, ekainean ere bertan behera utzi behar izan dituzte kadete mailakoen lasterketa eta gazte mailakoen Arantzazuko Igoera: "Baina ostera ere lasterketak antolatzen hasteko egoerak aldatu egin behar du, eta gauza asko ez daude gure eskuetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak