PCR test bidez, hiru positibo berri atzeman dituzte Debagoienean, azken 24 orduetan. Hain zuzen ere, positibo bana atzeman dute Arrasaten, Bergaran eta Eskoriatzan.
Guztira, egindako 3.055 PCR test berrietatik, 15 positibo berri atzeman ditu Osakidetzak, azken 24 orduetan –gainera 1035 test azkar ere egin dituzte–. PCR bidez positibo eman duten horietatik 7 Araban atzeman dituzte, 3 Bizkaian eta 5 Gipuzkoan. Azken 24 orduetan, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan 132 pertsona sendatu direla konfirmatu du Osakidetzak.
Azken orduetako bost positibo horiekin, guztira, 2.312 positibo baieztatu dira, beraz, gaur arte, Gipuzkoan.
Hildakoei dagokionez, guztira, 7 pertsona zendu dira azken 24 orduetan. Horietatik 6 Bizkaian eta bakarra Araban. Koronabirusa dela eta, guztira, 1.466 lagun hil dira EAEn, eta 48 lagunek ZIUetan jarraitzen dute ospitaleratuta.