Eusko Jaurlaritzatik adierazi dute "garaia iritsi dela bizilekua finkatuta dagoen lurralde historikoaren barruan herritarren mugikortasun arduratsua eta mailakatua berreskuratzeko". Probintzia desberdinetako udalerri mugakideen kasuan, mugikortasuna baimenduta egongo da, betiere arrazoi sozioekonomikoak tarteko direla.
Ohar baten bidez adierazi du Eusko Jaurlaritzak, gainera, 1. fasetik 2. fasera igarotzea prestatzen ari dela –maiatzaren 25ean egitea dute aurreikusita–, eta horretarako hiru parametrorekin dabil lanean. "Osasun-agintarien jarraibideak zorrotz betetzea, normaltasun-eremuen berreskurapenean apurka-apurka aurrera egitea, eta azkenik "prebentzio-neurriekiko gizarte-konpromisoa aktibo mantentzea, erlaxazioa eta zaintza murrizten lagunduko duen gizarte-giroa saihestuz".
Dekretu berriak, gainera, kirola eta ariketa fisikoa probintzia osoan egitea ahalbideratuko du, eta, era berean aire librean dauden kirol-azpiegitura pribatuen irekiera baimenduko du. Beti ere, bakarka eta aldez aurreko txanda hartuta erabili ahalko dira kirol-azpiegitura horiek.