Murga sailburuak gaurko agerraldian azaldu duenez, egoerak izan duen "aldaketari erantzunez" egin dira txostenetako aldaketak. Halere, atzo argitaratu ez ziren datuak "beste modu batean" emango dituztela azaldu du. Herrietako kasuak, adibidez, astean behin emango dituzte, Murgak aditzera eman duenez: "Agertokia aldatu egin da, eta hori datuen eguneroko buletinean islatuko da. Udalerrien datuak bereizita aurkeztuko dira, astero". Beste hainbat aldaketa ere egingo du Osasun Sailak txostenak aurkezterako orduan. Gehiegi zehaztu ez duten arren, ospitaleratuen kasuak ere gehituko dituzte txostenera, baina soilik PCR bidez positibo ematen dutenak jasoko dira bertan.
Datuei dagokienez, 3 pertsona hil dira azken 24 orduetan, Hego Euskal Herrian; horietatik bi Nafarroan. Bestetik, koronabirusa hautemateko EAEn 9.421 proba egin zituzten atzo –5.001 PCR eta 4.420 test azkar–. Egin diren PCR probek 9 positibo atzeman dituzte Araban, 17 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Bestetik, EAEn beste 3 positibo ere detektatu zituzten, baina beste autonomia-erkidego batzuetako pertsonak dira. Nafarroan, bestalde, 11 diagnostiko positibo egin dituzte azken orduetan.
Zaintza- eta kontrol-plana
Nekane Murga sailburuak aste honetan abian jarri duten Zaintza- eta kontrol-plana aurkeztu du Ignacio Garitano epidemiologo eta planaren koordinatzailearekin batera. Azaldu dutenez, planaren helburua Koronabirus kasuak "goiz detektatzeko sistema" bat ezartzea da: "Kasuen eta haien hurbileneko kontaktuen jarraipena egitea da helburua, ikuspuntu klinikotik eta epidemiologikotik, eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea" Horretarako, Osakidetzak PCR proba egingo die COVID-19aren sintomak dituzten pertsona guztiei, eta positibo ematen badute, kasua eta hurbileneko kontaktuak aztertuko dituzte Lehen Mailako erizaintzako langileek.
Plana abian jartzeko Osasun Publikoan "gaitasunak" dituzten familia eta komunitateko 34 erizain kontratatuko dituztela azaldu du Murgak, eta 150 profesionalek prestakuntza jasoko dutela esan du: "Ospitaleetako prebentzio-medikuntzako zerbitzuen eta osasun-zentroetako lan-osasuneko unitateen lankidetza izango dute, bai eta Osalanenekin ere, lan-eremuan gertatzen diren kasuetarako". Kasuak eta kontaktuak aztertzeko, GO.DATA aplikazioa erabiliko dutela ere jakinarazi dute.
Txostenen aldaketak
Adierazitako aldaketek haserrea eragin dute herritarren artean. Kazetariek Murgari azalpen gehiago eskatu dizkiote gaur, baina agerraldian erreklamazio guztiek ez dute tokirik izan. Irekia Jaurlaritzaren webgunean iruzkinak jarri dituzte herritarrek, eta "gardentasuna" eskatu diote Osasun Sailari.