Eusko Jaurlaritzak datuak biltzerako orduan aldaketa egin du; orain arte, aurreko eguneko 20:00ak arte jasotzen ziren datuak, eta atzotik hasita, orain 00:00etan bukatuko da datu bilketa. Halere, gaur, egunero argitaratzen duten buletinean, ez dituzte herriz herrikako datuak txertatu, eta horrenbestez, ezin dugu jakin zehatz mehatz zein den bailarako egoera. Gainera, lurraldeetako hainbat datu ere ez dituzte argitaratu, esaterako, Gipuzkoan orotara egon diren kutsatuena.
Eusko Jaurlaritzako prentsa zerbitzuak Aiaraldea hedabideari azaldu dionez, Osakidetzak, momentuz, ez du jakinaraziko zein den pandemiaren bilakaera herriz herri. Arrazoiez galdetutakoan, "positibo kopurua jaitsi" egin dela eta, ondorioz, "ikertzen" ari direla "nola landu, daukaten informazioa", esan diote Aiaraldea-ri.
49 positibo
Osasun sailak gaur jakinarazi dituen datuei dagokienez, 3 kasu berri hauteman dituzte PCR bidez Gipuzkoan. Bizkaian, bestalde, 30 izan dira eta Araban, 5. Nafarroaren kasuan bi eratako proben datuak argitaratu dituzte; 11 izan dira PCR bidez hautemandako positiboak eta 128 test azkar edo serologikoen bidez; guztira, 139 diagnostiko positibo Nafarroan.
Bi hilabeteko bilakaera
Duela bi hilabete, martxoarean 14an, Urkullu lehendakariak tabernak eta oinarrizkotzat jotzen ez ziren komertzioak ixteko agindua eman zuen. Hil biren ostean, egoera aldatzen ari da, eta pixkanaka bada ere, neurriak arintzen ari direla ikus daiteke.