Liztor beltzaren habiak desaktibatzeko kanpaina martxan da Gipuzkoan

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 12a, 11:25
Liztor beltzaren habia, Elgetan.

Kanpaina apirilaren 22an jarri zen abian, eta dagoeneko hainbat herritan kendu dituzte liztor beltzen habiak, besteak beste, Arrasaten. Foru Aldundiak herritarren kolaborazioa eskatu du, habiak hauteman eta protokoloak segituan aktibatzeko.

Udaberrian, –negua hibernatzen pasa ostean– liztor beltzek habiak egiteari ekiten diete, eta egoeraz jabetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak lantaldea osatu du habia horiek desaktibatzeko; suhiltzaileek, basozainek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideek eta Landa Garapen Elkarteko, udaletako eta Aldundiko langileek osatzen dute lantaldea.

Liztor beltzek erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean kalteak sortzen dituzte –pertsonei egiten dizkieten ziztadak ere kontuan hartuta– , eta horiek murrizteko helburuz diseinatu dute kanpaina: “Liztorrak ondutako frutak hozkatzen ditu, erleak eta bestelako xomorro ugari erasotzen ditu, bertakoa den liztorrarekin lehiatzen du eta polinizatzaileak diren espezieen jokabidea eraldatzen du. Horrenbestez, ondorioak oso nabarmenak dira erlezaintzan eta nekazaritzan, kalteak sortzeaz gain, ingurumenean eragiten baitute”.

Herritarrei kolaborazioa eskatu die Foru Aldundiak, eta liztor beltzaren habiaren bat ikusiz gero udaletara deitzeko eskaera egin du, horrela protokoloa berehala martxan jar dadin. 2020ko kanpaina apirilaren 22an jarri zen martxan eta momentuz Arrasaten, Soraluzen, Pasaian, Astigarragan, Zarautzen, Lezon, Hernanin, Errenterian eta Oiartzunen, desaktibatu dira habiak.

Liztor beltza eta habiak

Liztor beltzak buru beltza eta aurpegi laranja ditu; bertako liztorrengandik bereizten duena hankak dira –gorputzaren aldeko zatia beltza eta puntak horiak baititu–. Habiak forma esferikoa izan ohi du, eta toki babestuetan egoten dira: teilatu-hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian, pertsianen kaxetan...

Lehengo egiten duten habia suntsitu ezean handiagoak egiten dituzte, eta uda edo udazkenerako habia bakoitzean 3.000 liztor inguru batu daitezke. Habia horiek ilunabarrean suntsitu behar direla azaldu dute lantaldekoek, egunez liztorrak janari bila baitabiltza: “Erregina kanpoan dagoela kenduz gero, honek beste habia bat eraikiko du eta esfortzu guztiak alferrikakoak izango lirateke”.

Iaz 845 habia desaktibatu ziren Gipuzkoan, eta Foru Aldundiak azaldu duenez, azken urteetako joera beheranzkoa da.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak