Egubakoitzean Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Iker Goiria Turismo zuzendariarekin batera adierazpenak egin zituen, eta bertan, hiru ekintza-ardatz izango dituztela sektoreko jarduera eta enplegua babesteko esan zuten: "Planaren bidez programa eta tresna guztiak bideratuko ditugu sektoreari laguntzeko, krisiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat baita: Ibilbide orri ireki bat da, eragile guztiekin batera garatuko duguna beti".
Hiru ekintza-ardatz
Sektoreko jarduera eta enplegua babesteko 900.000 euro bideratuko dituzte; jarduera berreskuratzen laguntzeko, 400.000 euro; eta jarduera pandemia osteko egoeran sustatzekoa eta berrabiarazteko, 1,1 milioi euro.
Lehenengo ardatzean, enpresen biziraupen mekanismoak indartzea izango da lehentasunezko helburua epe labur-ertainean. Horrela, Aldundiak 300.000 eurora arte handituko ditu 10 langile baino gutxiago dituzten autonomoei eta turismo zerbitzuetako enpresa txikiei laguntzeko lerro berriaren dirulaguntzak. Gainera, turismo eragileei zuzendutako dirulaguntzek 600.000 euro izaten jarraituko dute, "sektoreari laguntzeko ekosistema" finkatzeko.
Bigarren ardatzean, hiru programa jarriko dira abian. Bat ingurune seguruak sortzeko, 100.000 eurorekin; indarberritzeko beste bat, 200.000 eurokoa; eta hirugarrena, merkatuetan aldaketak deskubritu eta detektatzeko, 100.000 eurokoa.
Hirugarren ardatzaren muina lurraldea bisitatzeko pizgarrien programa izango da, 600.000 euroko zuzkidurarekin, xede izango duena tokiko kontsumoa sustatzeko ekitaldiak, jarduerak, ibilbideak, lehiaketak, sustapenak eta abar sortzea. Halaber, 300.000 eurorekin, Gipuzkoako Turismo Bulegoaren rola birplanteatuko da, ekonomia sustatzeko eginbeharretara zuzenduz; enpresen arteko lankidetza, ekintzailetza eta proiektu turistiko berritzaileak sustatzeko euskarri bihurtzea da helburu nagusia. Gipuzkoako komunikazioa eta sustapena ere indartuko dira lehentasunezko merkatuetan.
Lamaino Etxeberrin erabakien zain
Bergarako Lamaino Etxeberri landetxeko Maite Aristegik adierazi duenez, "Nekatur Nekazal Turismoen Elkartekoak bilduta izan dira diputazioarekin laguntza bide batzuk lantzeko landaetxe eta nekazal turismoei bideratzeko. Hala ere, oraindik, ez dugu ezer ziurrik, eta uste dut asteon izango ditugula berri gehiago…".
Gainera, Aristegik azpimarratu du Madrildik datozen neurriak eta hemengoak ez datozela bat: "Esterako, baimena duten langileak joan daitezke nekazal turismo edo landetxeetara, baina, turistak bertakoak, soilik, izan daitezke; herrikoak, ez Estatuan moduan. Horrek ate gutxi irekitzen ditu, eta gaur-gaurkoz dugun egoera honakoa da: orain arteko erreserbak atzera botatzen ari dira, Aste Santuetako guztia galduta geratu da, eta uda arriskuan ikusten dugu".
Naturarekiko hurbiltasuna
Aurrera begira, laino beltzak ikusi arren, krisiak eragin positiboak izan dituela ere adierazi gura izan du Aristegik: "Krisiak naturarekiko hurbiltasun nahia ekarri du. Jendeak horren egarria du, eta egonaldien mugak ikusita, bertako turismoa izan ahal da aukera bat. Hala, pentsatu dezagun bertakoak animatuko direla inguruko turismoaz disfrutatzera".