LABek ikastetxeetara itzultzeko plana Hezkuntza Komunitatearekin adostu gabe egin dela salatu du

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 8a, 11:07

Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak atzo iragarri zituen ikasleak ikasgeletara bueltatzeko neurriak. Maiatzaren 18tik aurrera hasiko dira Batxilergoko eta Lanbide Heziketako eta DBHko ikasleak mailaka eskola presentzialetara bueltatzen.

Hezkuntza sailburuak bideokonferentzia bidezko bilera egin zuen atzo goizean –prentsaurrekoa egin aurretik– Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eragileekin (ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea, hezkuntza-patronalak, familia elkarteak, sindikatuak eta Euskadiko Eskola Kontseilua). Baina LAB sindikatuak ohar bidez salatu duenez, bilera "protokolarioa" izan zen, eta ikasturte bukaera eta hurrengo ikasturteko planifikazioa adosteko ezinbestekotzat jo dute langileen ordezkariak aurretik kontuan hartzea.

Sindikatuak oharra kaleratu du atzoko neurriak direla-eta, Prebentzio Planaren beharraz ohartarazteko. LABeko kideek azaldu dutenez, hezkuntza zentroak ireki aurretik langileen artean adostutako Prebentzio Plana negoziatzea behar da: “Planik gabe osasuna ezin da bermatu; langileen, ikasleen zein familien osasuna erdigunean egon behar dira”.

Atzo Uriarte sailburuak azaldutako neurrien artean, eskola presentzialetan maskara erabiltzeko araua ezarri zuen. Halere, LABek maskara-hornidura dela-eta, denentzako maskararik egon ezean, ikastetxeak irekitzea “arduragabekeria” litzatekeela iritzi du.

Bestetik, haur eskolei dagokienez, 0-1 urte bitarteko haurrentzako eskolak zabaltzeko aukera egon daitekeela ere adierazi zuen hezkuntza sailak, eta LABek haur horiek adin horretan behar duten egokitzapena egiteko baldintzarik ez dagoela azaldu du: "Ez dago baldintzarik bi hilabeteko konfinamenduaren ondoren egokitzapen on bat egiteko, are gehiago udan beste geldialdi bat dugunean eta irailean berriz ere egokitzapena egin beharko dutenean".

Uriartek azaldutako neurrietako asko ikastetxeetako zuzendaritzek erabaki eta jarri beharko dituzte abian –adibidez sartu-irtenak mailakatzeko modua edo jolas-orduetako txandak egitea–, eta autonomia hori “modu interesatuan” eman zaiela uste du LABek: “Zuzendaritza taldeek, irizpide zehatz eta bateratuak behar dituzte,. Hezkuntza Sailak ikuskaritzarekin batera irizpideen zehaztasuna finkatu behar du eta horren gaineko kontrol zorrotza egin”.

Langileen egoerari erreparatuta ere, hainbat zuzenketa edo proposamen egin ditu sindikatuak oharrean. Pandemiaren kudeaketan kaltetuak izan diren langileen egoera salatu du; adibidez, ordezkapenak egiten aritu direnena “inolako konpentsaziorik gabe”. Bestetik, langileen itzulera ere mailakatua izan beharko litzatekeela uste dute LABeko kideek: “Tele-lanean jarraitu beharko lukete: batetik, arrisku taldeko langileek (diabetikoak,gaixotasun kardio baskularra dutenek, biriketako gaixotasunak, gaixotasun kronikoak, inmunodefizienteak, haurdun dauden emakumeak, 60 urte baino gehiago duten langileak); eta bestetik, adingabekoen zein edadekoen ardurak dauzkaten langileak”.

"Kontuan hartzekoak"

Ikasturte bukaerari eta datorren kurtsoari begira, "kontuan hartzeko" neurrien zerrenda ere gehitu du LAB sindikatuak helarazitako oharrean. Besteak beste, ikastetxeak zabaldu aurretik langile guztiei testak egitea, ratioen egokitzapena aztertzea –eta behar bada, langile kopurua handitzea–, curriculumean egokitzapenak egitea, arrakala-digitalak eragindako egoeraren diagnostikoa egitea, eta selektibitatea zein baldintzatan egingo den jakinaraztea dira eskaeretako batzuk.

Zerrendan neurri gehiago ere zehaztu dituzte, eta hurrengo ikasturterako plana diseinatzea “ezinbestekoa” dela azaldu dute: “LABen planteamendua ez da COVID19aren aurreko egoerara bueltatzea, erabili dezagun egoera hau erabat agortua dagoen hezkuntza eredua berriz pentsatu eta eraldatzeko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak