Ikasleak mailaka itzuliko dira ikasgeletara maiatzaren 18tik aurrera

Uxue Igarza Loiola 2020ko mai. 7a, 14:19

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasgeletara itzultzeko plana aurkeztu du, eta prozesua mailakatua izango dela azaldu du. Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta DBHko ikasleei eragingo die neurriak.

Osasun-bermeak betetzen badira, maiatzaren 18an, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketakoak (1. eta 2. mailak) eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailakoak itzuliko dira jardun presentzialera. Astebete beranduago, hilaren 25ean, DBHko 4. mailako ikasleak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak itzuliko dira.

Bestetik, maiatzaren 25etik aurrera, hezkuntza bereziko ikastetxeak eta gela terapeutikoak ere irekiko direla jakinarazi du Uriartek, eta hortaz, familiek aukera izango dute haurrak ikasgeletara eramateko.

Bete beharreko neurriak

Ikasgeletarako “normaltasunerako bueltak” hainbat aldaketa ekarriko du, eta ikasle, irakasle eta gainerako langileek neurri zorrotzak bete beharko dituzte.

Alde batetik, 1,5 metroko tartea utzi beharko da mahai batetik bestera, eta guztiek erabili beharko dituzte maskarak eskola-esparruan daudenean. Gainera, ikastetxeek erabakitako neurriak betez, sarrera-irteerak ere mailakatuak izan beharko dira, eta jolastokietan ere txandak egin beharko dituzte, denak aldi berean batera egon ez daitezen. Eskola-orduei dagokienez, 5 orduko ordutegi trinkoa izango dute jardun presentzial berriek.

Jantoki zerbitzuaz ere aritu da Uriarte, eta bertan behera mantenduko dela azaldu du, “osasun eta segurtasun neurriak lehenesteko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak