ALBISTEAK

Osasun larrialdiak eraginda etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenendako diru-laguntzak onartu dituzte

Arantzazu Ezkibel Galdos 2020ko mai. 7a, 15:19

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza librea alokatzeko diru-laguntzen ezohiko programa jarri du martxan, egoera zaurgarrian daudenei laguntzeko helburuarekin. Eskaerak egiteko epea dagoeneko zabalik dago; irailaren 30era arte egin daitezke eskariak. Stop Kaleratzeak plataformak, bere aldetik, laguntzak horiek txiki geratzen direla azaldu du.

Eusko Jaurlaritzak etxebizitza librea alokatzeko diru-laguntzen ezohiko programa jarri du martxan. Eskaerak egiteko epea dagoeneko zabaldu dute eta irailaren 30era arte egongo da horretarako aukera.

Osasun larrialdiak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratu diren edo aldi baterako enplegu-erregulazioa jasan duten pertsonak laguntza horren onuradun izan daitezke; baita, langile autonomoak edo enpresariak ere, euren diru-sarrerak edo salmentak % 40 edo gehiago murriztu badira.

Hilean 250 euro arteko laguntza

Laguntza hilean 250 euro artekoa izango da, eta sei hilabetez aplikatuko da, apiriletik irailera arte, zaurgarritasun-egoerak jarraitzen badu. Denera, zenbatekoa 1.500 eurokoa izatera hel daiteke. Kopuru hori hiruhileko bi ordainketa eginez emango dute. 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak laguntza berri honetarako 15,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Eskaerak modu telematikoan egin behar dira

Interesa dutenek modu telematikoan aurkeztu beharko dute eskabidea, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu ofizialaren bitartez, edo Alokabidek bere webgunean dituen kanalen bidez.

Stop Kaleratzeak plataformaren oharra

Jaurlaritzak martxan jarri dituen laguntzen inguruko iritzia kaleratu du Euskadiko Stop Kaleratzeak plataformak. Azaldu dute hilean 250 euroko laguntzak oso motz geratzen direla Espainiako Estatuak emango dituen 900 eurora arteko laguntzen ondoan. Beste alde batera begiratzea leporatu diote jaurlaritzari; eta, ez, bizileku duin eta eskuragarri bat bermatzea beharra duten horiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak