Azken hilean langabeziak lurralde guztietan egin du gora: % 9,12 gora egin du Araban, % 9,04 Gipuzkoan, %7,42 Bizkaian eta %8,23 Nafarroan.
Debagoieneko datuei erreparatuta, 2.870 lagun daude lan gabe une honetan eta langabezia tasa %9,2an kokatzen da eskualdean. Martxoko datuekin alderatuta, 226 pertsona gehiago daude langabezian.
Iazko apirilean baino 30.860 pertsona gehiago daude langabezian Hego Euskal Herrian. Debagoienean, 2.417 lagun zeuden langabezian iazko apirilean, egun baino 453 gutxiago.
Lanbideko Zerbitzu Orokorren zuzendari Nestor Aranak emandako datuen arabera, ostalaritza eta merkataritzarekin zerikusia duten jarduerak eta industria izan dira kaltetuenak; % 8,92 egin du gora langabeziak industria alorrean. Haren atzetik doaz, zerbitzuak % 8,82-ko igoerarekin eta eraikuntza, % 7,76.
Kontratazioak, etenda
Langabeziaren hazkundea nabariagoa izan da 34 urtetik beherakoen artean, batez ere 25 eta 34 urte bitartekoetan; langabezia % 13,01 areagotu da hauen kasuan. Aranak jakinarazi duenez, pandemiaren ondorioz, kontratazioak erabat erori dira. Azken hilean, kontratuek behera egin eta 29.098 gutxiago izan dira (% 52,25eko beherakada), eta iazko apirilarekin alderatuta, 49.988 gutxiago (% 65,3ko beherakada).
Datuak herrika aztertuta, herri guztietan egon da igoera langabezia datuetan.
Herriak | Zenbat langabe gehiago apirilean | Langabeak guztira | Langabezia tasa (%) |
Antzuola | 13 | 73 | 6,57 |
Aramaio | 0 | 18 | 2,38 |
Aretxabaleta | 23 | 253 | 7,48 |
Arrasate | 99 | 1274 | 12,21 |
Bergara | 36 | 625 | 8,65 |
Elgeta | 8 | 47 | 8,15 |
Eskoriatza | 15 | 167 | 8,22 |
Leintz Gatzaga | 0 | 4 | 2,60 |
Oñati | 32 | 405 |
7,45 |
Confebaskendako oso datu txarrak
Confebaskek ere onartu du oso datu txarrak direla bai langabeziari dagokionez, baita enpleguaren suntsipenari dagokionez ere. EAEko langabeen kopurua, 138.643 hain zuzen ere, 2017a geroztik altuena dela adierazi du. Segurtasun Sailera kotizatzen dutenen kopurua ere "historiako daturik txarrena" dela diote Confebasketik, martxoan baino 18.418 afiliatu gutxiago eta iazko apirilean baino 14.119 gutxiago.
Esperotako joera izan dela adierazi du Confebaskeko Ekonomia arduradun Pablo Martinek: "Oso txarra, konfinamendua apiril guztian izan delako, jarduera ia guztiak geldi egonik". Era berean, uste du martxo eta apirilak izan direla hilabeterik okerrenak, nahiz eta hemendik aurrerako joera ikusi behar: "Jarduera askok itxita jarraituko dute eta beste batzuek zabalduko dituzte baina zalantza askorekin. Maiatzean ez ditugu espero datu onak, baina okerrena pasatu den konfiantza dugu".
Autonomoak laguntza eske
Autonomoak Ekintzarako Elkarrekin elkartetik "erakunde publikoen laguntza falta" salatu gura izan dute: "Gure poltsikotik ordaindu behar ditugu bezeroen segurtasunerako kostuei". Gaineratu dute konfinamendu egoeran 50 egun baino gehiago pasatu direnean, oraindik ere zenbait autonomok ez dutela euro bakar bat ere kobratu iragarritako prestazioetatik, zenbait S.L. enpresak ezin izan duela inolako laguntzarik jaso, eta laguntza barik geratu direla autonomo batzuk administrazioarekin nolabaiteko zorra zutelako.
"Aurrekaririk gabeko krisi ekonomikoa" ekarriko duela egoera honek jakinik, premiazko laguntza-neurriak eskatu dituzte, "bestela negozio asko desagertu" egingo direlako. Hala, "normaltasun berriari" heldu ahal izateko negozioaren egitura-gastuen karga arintzeko laguntzak gura dituzte, besteak beste, lokalen alokairua ordaintzeko, Gizarte Segurantzako kotizazioak barkatzeko, zenbait tasa eta zerga ordaintzeko, eta administrazio publikoekin dituzten zorrekin ordaintzeko modu malguak errazteko.