Gaur goizean diputatu nagusiak deitutako agerraldian, martxoaren 5ean lehen larrialdi neurriak hartu zirenetik hona Jaurlaritzak egin duenaren berri eman du, eta Maite Peña, Jose Ignacio Asensio, Imanol Lasa eta Jabier Larrañaga diputatuek ere beren alorretan egindakoaren jarraipena egin dute.
Olanoren arabera, “proaktibitatea, bizkortasuna, elkarlana eta gardentasuna” izan dira Jaurlaritzaren jardunaren oinarriak, eta aldundiaren “lehentasun nagusia” adineko pertsonen zaintza izan dela esan du: “Egoera oso gogorra izan da, 157 hildako izan ditugu orain arte, galera horiek guztiak gure sentitu ditugu. Baina desafioaren tamaina ikusita, esan dezakegu gure herriko sistema sozio-sanitarioak ongi eutsi diola erronkari. Erakundeon, egoitzen eta osasun zerbitzuen elkarlana erabatekoa izaten ari da”. Gurutze Gorriarekin batera egindako planarekin egoitzen egoerari “etengabeko jarraipena” egin zaiola adierazi du, eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeaz gain, senitartekoekin bideokonferentzia segurtasunez egin ahal izateko baliabideak jarri direla azaldu du. Bestetik, diputatu nagusiak jakinarazi duenez, 250.000 maskara eta 42.000 EPI bideratu dira zentroetara.
EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek ordea, Batzar Nagusiak “blokeo egoeran” daudela esan du eta ez datorrela kudeaketa modu horrekin bat. Gainera, Izagirrek eragileekin hitz egin dutela azaldu du, eta sektore ekonomiko guztietan ekarpenak egin nahi izan dituzte. Adibidez, enpleguari dagokionez, lan duinaren aldeko apustua egin behar dela esan du batzarkideak, eta gainerako alorretan zerbitzu publikoa babestea funtsezkotzat jo du.
Plan ekonomikoa
Atzo goizean krisialdi sozial eta ekonomikoari aurre egiteko Ekonomia Berreskuratzeko Plana aurkeztu zuen Foru Aldundiak. Imanol Lasa Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak eman zituen xehetasunak. Diputatuaren hitzetan, aktibitatea eta enplegua “ahalik eta gehien” babestea da helburua, baina Olanok onartu zuenez, aurrekontua ez da nahi bestekoa.
Diru-bilketan krisialdiak eduki dezakeen inpaktua %20-25 bitartekoa izatea aurreikusten du Foru Aldundiak. Ekonomia Sustapenera eta Gizarte Politiketara bideratutako aurrekontu-sailei eustea erabaki dute, baina diputatu nagusiak azaldutakoaren arabera, 85 milioi euro gutxiago izango ditu hasiera batean adostutako aurrekontuak: “Baliabide gehiago bideratu nahi genituzke ekonomiara eta gizarte beharretara. Horregatik, eskuduntzak dituzten erakundeei eskatzen diegu mugak berriz definitzeko. Zorpetzeko aukera izanez gero ehun ekonomikoari eta gizartegintzara laguntza gehiago bideratzeko moduan egongo ginateke”.