85 milioi euro gutxiago izango ditu hasiera batean adostutako aurrekontu-sailak, baina Olanok azaldu duenez, neurriak ez die gizarte politikei eta ekonomiaren suspertzeari eragingo; gainerako sail eta departamentuetan egin dituzte doikuntzak. Ekonomia Suspertzeko Planerako 28 milioiko aurrekontua ez dela nahikoa dio Olanok, baina zor gehiago hartzeko aukerarik ez dutela azaldu du.
Bestetik, 28 milioi horiek nola banatuko diren azaldu du Imanol Lasa Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuak, eta planak enpresen kezka nagusiei erantzuten diela esan du: likidezia faltari eta enplegua eusteari. Lasaren arabera 4,8 milioi euro enplegua sortzeko eta finkatzeko izango dira; 2,6 enpresei laguntzeko –batez ere txikiei–; 14 milioi euro etorkizuneko enpresa proiektuei bideratuko dira –ikerketa, berrikuntza eta garapenaren alorretakoei–; 3 milioi tokiko kontsumoa laguntzeko izango dira, eta horretarako, udalekin eta elkarteekin akordioak egitea da helburua kontsumo bonuak sustatzeko eta merkataritza eta ostalaritzari laguntzeko; 1,5 milioi zuzenduko dira lurraldeko enpresen garapenerako; eta bukatzeko, 2,1 milioi euro lurraldeko sektoreentzat izango dira, batez ere 4.0 industriarentzat.
Olanoren hitzetan, planaren helburua "ahulenak babestea" da, baina horretarako, "portaera kolektiboa" aldatu beharko dela gehitu du eta herritarren konpromisoa beharrezkoa izango dela. Ostalaritza eta merkataritza babesteko diputatu nagusiak bertako produktuak kontsumitzera dei egin du.
Lehentasunak krisian
Ekonomia ikuspegitik krisialdi "oso indartsuan" murgiltzen ari garela esan du Olanok, eta adituek dagoeneko egoeraren larritasunaz ohartarazi dutela. Horregatik, egoerak okerrera egin ez dezan herritarren ardura maila handia dela azaldu du eta agintarien aholkuak jarraitu behar direla.
Oraingoz lehentasuna egoerari eustea dela esan du Lasak, eta ondorengo pausua susperraldiari ekitea izango dela. Etorkizunari dagokionez, planak epe laburreko beharrei erantzuten diela esan dute diputatuek, eta etorkizuneko pausuak adosterako orduan "estrategikoak" izango diren ildoak hartuko dituztela kontuan; 4-0 industria, ekintzailetza eta ikerketa, besteak beste.
Bestetik, bi foro abiatu dituztela jakinarazi dute: bat enpresekin eta bestea "berrikuntzaren alde" egiten duten entiateekin.